Ekintza ikusgarria Bergaran, indarkeria matxista salatzeko

Julen Iriondo 2015ko ira. 3a, 11:19

Beste hainbat herri eta hiritan bezala, Bergaran ere egin zuten Women in black ekimena. Batez ere sare sozialen bidez zabaldutako deiari erantzunez, 150 emakume inguru batu ziren plazan, beltzez, lurrean etzanda salatzeko hil egiten dituztela.

Bergaran ere egin zuten eguazten arratsaldean Women in black izeneko ekimena –Euskal Herriko eta Espainiako hainbat herri eta hiritan egin zen–. Erabateko arrakasta izan zuen ekintzak; sare sozialen bidez, Whatsapp-ez, ahoz aho... zabaldu zen deialdiaren berri, eta 19:30ak aurretxorako jende ugari zen San Martin plazan, beltzez jantzita.

Ordua iristean, lau ilaratan lurrean jesarri ziren 150 emakume inguru; Bilboko Mujeres Inperfectas elkartearekin harremanetan, Lur Ortiz izan zen ekimena herrira ekartzea pentsatu zuena, eta bere hitzek eman zioten hasiera: "Neskak, hilda gaude". Hori esanda –zentzu berean zihoazen lurrean klarionaz idatzitakoak ere: Geu hiltzen dabiz!–, etzan egin ziren jesarrita zeuden denak. 

Ekimenera batutako zenbait mutilek emakumeen soslaiak marraztu zituzten orduan lurrean; marrazten amaituta, emakume bakoitzak albokoari sorbalda ukituta joan ziren banan-banan lurretik altxatzen, eta zutik geratu ziren marrazkiaren gainean.

Ikusgarria izan zen ekintza, eta jende asko batu zen plazan han egiten ari zirena ikustera; isiluneak –gidoiaren parte ziren hauek ere– eta plazan batutakoen txaloak –behin baino gehiagotan jo zituzten– tartekatu ziren ekintzaren azken aldera. Azken txalo sortarekin, beltzezko emakumeek bakoitzak bere bidea hartu zuen, klarionaz marraztutako soslaiak bakarrik utziaz plazan. 

"Oso pozik eta harrituta" 

Indarkeria matxistak emakume asko eta asko desagerrarazten, hiltzen, dituela salatu nahi izan zuten eguaztenekoarekin: "Ez dira kasu isolatuak, gizartearen akatsa da. Hau geratu egin behar dugu, agerikotasuna eman behar diogu errealitate honi, jendea kontzientziatu dadila, eta goikoei ere esan nahikoa dela: 'Bat ere ez gutxiago!", zioen Ortizek. "Oso pozik eta harrituta" zegoen ekimenak izandako erantzunarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak