Omenaldi hunkigarria jaso du gaur Elgetan Juan Luis Ubera pilota zaleak

Juan Luis Ubera txapela eskuan Zuhaitz Gurrutxagarekin eta Janitz Isasi bilobarekin.

Telebista saio baterako grabatu dute ekitaldia, eta pilota munduko aurpegi ezagun asko izan dira bertan. Besteak beste, buruz buruko txapeldun Mikel Urrutikoetxea, Jokin Altuna, Asier Berazaluze, Aitor Mendizabal,  Aitor Elkoro, Jose Mari Zezeaga, eta Inaxio Errandonea.

Pilota desafioa zegoen iragarrita Elgetan, baina hori baino zerbait gehiago izan da azkenean. Herriko lau mutikoren norgehiagokarekin hasi da jaialdia, eta ordurako herritar ugari zegoen harmailetan. Iragarritako desafioaren txanda izan da jarraian: Jose Mari Zezeaga jaboi pote batekin eta Irureta-Aldape bikotea eskuz.

Zezeagaren alde 12-05 zihoan desafioa Aitor Elkoro pilotari elgetarrak Juan Luis Ubera besotik heldu, eta kantxara atera duenean. Sorpresa izan da Uberarendako. Pilotaren alde egindako lana eskertzeko ekitaldia zela azaldu dio Elkorok Uberari, eta azkenaldian aurkezle lanetan dabilen Zuhaitz Gurrutxagak hartu du lekukoa.

Hura omenaldi ekitaldia zela berretsi dio Gurrutxagak gero eta urduriago zegoen Juan Luis Uberari eta aurkeztu ditu ekitaldirako gonbidatuta zituzten hainbat lagun. Txalo artean sartu dira omenduari egindako lana aitortzera bost pilotari ezagun: buruz buruko txapeldun Mikel Urrutikoetxea, Jokin Altuna, Asier Berazaluze, Aitor Mendizabal eta Inaxio Errandonea. Ondoren, Pedro Mari Peñagarikano bertsolariak hiru bertso abestu ditu. Azkenik, txapela ekarri dio aitaitari Janitz bilobak.

Hunkitu egin da Juan Luis Ubera. Aitortu du urduri egonagatik asko gustatu zaiola omenaldia, eta txapela berarekin batera lanean aritu diren lagun askorena era badela esan du.

ETBren telebista saio batean ikusiko dugu ekitaldia laster. Zehazteke dago oraindik noiz izango den hori.

Eta iragarrita zegoen desafioa, 22-19 amaitu da Jose Mari Zezeagaren alde.

Erlazionatuak

Omenaldi hunkigarria Elgetan Juan Luis Uberari

Elgeta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.