Bergarako Laboratorium: uztaila amaitzerako zabalik; inaugurazioa, irailaren 25ean

Udalekuetako neska-mutikoak Laboratoriumen, asteon.

Hurrengo egubakoitzerako zegoen jarrita irekiera ekitaldiaren data, baina atzeratu egin dute. Dena dela, uztailaren 30erako irekita eta ikusgai egongo dira museoko erakusketa iraunkorra eta aldi baterakoa.

Laboratorium museoaren azken prestaketa eta egokitze lanak Udaleko arduradun politikoen aldaketarekin pare-parean suertatu dira, eta azpiegitura berria inauguratzeko aurreko Udal Gobernuak ezarritako data aldatu eta irekiera ekitaldia irailera atzeratu dute arduradun berriek.

Duela zenbait aste aurreratu zuen Juanje Alberdi alkateak aukera hori, Goienari emandako elkarrizketan, argi utziz, beti ere, halakorik gertatuko balitz ez litzatekeela inolako arazorengatik izango; Udaleko arduretara iritsi berritan, denbora kontua zela. Azpiegituraren garrantzia eta proiektu honetan Udaleko teknikariek egindako lana nabarmendu zituen Alberdik orduan.

Museoa irailaren 25ean inauguratuko duten arren, uztailaren 30erako irekita eta ikusgai egongo dira museoko erakusketa iraunkorra eta aldi baterakoa; zentzu honetan, dagoeneko hasi dira esku-orrietan eta bestelako argitalpenetan Laboratoriumen berri ematen, udan jaso ditzakeen bisitariei begira.

Aldi baterako aurreneko erakusketaren zenbait xehetasun ere badira, gainera, dagoeneko. Bergara, Errege Seminariotik abiatuta, margolari eta margolari eskola tradiziodun herria izanda, Simon Arrietaren ikasleen erakusketa izango da lehena jarriko dutena. Kimikaren eta pinturaren arteko lotura ere erakutsiko da erakusketan.

Udalekuetatik museora

Erakusketak martxan jarri aurretik, baina, poliki-poliki zenbait ekintza egiten ari dira museoan. Laboratorium museoa gizarte museoa izango da, eta horren erakusle da bertan aurrera eramandako eta ekintzailetasun soziala sustatzea helburu duen Berrekin, berregin programa.

Horrez gain, eta museoa askotariko publiko edo erabiltzaileentzako espazio izango dela erakutsiz, aste honetan bertan, adibidez, herriko udalekuetako umeak ibili dira Laboratoriumen, zientzia esperimentuak-eta egiten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.