Hiru presoren senideek deklaratzera joan beharko dute, Auzitegi Nazionalera

Ubane Madera 2015ko uzt. 1a, 09:32
Etxerat elkarteko kideak, batzar batean.

Datorren uztailaren 7an eta 8an (martitzena eta eguaztena) euskal presoen 14 senidek Madrilen deklaratu beharko dute, Auzitegi Nazionalean. Zitazioa jaso dute haiek, joan den apirilean Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeari uko egin ostean. Eta tartean daude Arrasateko hiru euskal presoren senideak. Etxerat elkarteak salatu du zitazio hori "senideen aurkako kriminalizazio saiakeraren barruan beste pauso bat" dela. Arrasaten, berriz, mobilizazioak iragarri dituzte.

"Aurreko apirilean 127 senide izan ziren deituak La Salveko eta Intxaurrondoko kuarteletara, inongo legalidadeak ez zituen behartzen deklarazio horietara joatea, eta beraiek erabaki zuten ez joatea eta publikoki esan genuen espero genuela Audientzia Nazionaletik ez zirela etorriko horrelako eskaerak, baina zoritxarrez ikusi dugu iritsi direla eta bai, 14 senide Madrilera joan beharko dira Auzitegi Nazionalera testigu bezala deklaratzera, legeak behartu egiten ditu joatera, bestela legeak izugarrizko isunak jartzen dizkiete".

"Elkartasuna zapuztu nahian"

Hala jakinarazi du Urtzi Errazkinek, Etxerat elkarteko ordezkariak. Hark gaineratutakoaren arabera, senideei ez diete jakinarazi ze kausarengatik deklaratu beharko duten lekuko moduan, baina uste dute dela abokatu batzuk kontratatzeagatik, Errazkinek berak Euskadi Irratian esandakoaren arabera. Hala, hark salatu du "elkartasuna zigortu nahi" dutela, azkenaldiko hainbat jardunek erakusten duten moduan: "Abokatuak, medikuak, Etxeratko kideak… atxilotu dituzte… elkartasuna zapuztu nahian dabiltza".

430 presotatik lau bakarrik Euskal Herrian

Eta datu batzuk ere eman ditu. Gaur egun "430 preso daude Espainian eta Frantzian barreiatuta, eta lau besterik ez daude Euskal Herriko espetxeetan. Eta %40 daude 800 kilometro baino urrutirago, horrek suposatzen duen guztiarekin. Astero 1.000 bat herritarrek mugitu behar dute senideak bisitatzeko, 40-50 bat minutu, kristal bat tarteko (…). Azken urtetan 16 senidek galdu dute bizia senitartekoak bisitatzera joateko". Eta gaineratu du 13 preso daudela larri gaixo.   

Autobusa Madrilera

Arrasateko mobilizazioei dagokienez, datorren martitzenean bertan, 19:00etan Seberren egin du hitzordua Arrasateko Sortuk, kartelada egiteko. "Asteartero Seberon egon ohi dira preso politikoen senideak eta gure babesa beharrezkoa dute", adierazi dute.

Eta iragarri dute, halaber, "senideak babestuz" autobusa joango dela Madrilera datorren astean. Izenematea Irati tabernan egin behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak