Aintzane Oiarbide izango da Bide Azpiegituretako diputatua jeltzale eta sozialisten gobernuan

Eneko Azkarate 2015ko eka. 24a, 11:56

Aintzane Oiarbide bergararra izango da Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua Markel Olanoren foru gobernuan. Hala baieztatu dio Oiarbidek berak Goienari eta hala eman du aditzera eguerdian Markel Olano ahaldun nagusi berriak. Datozen lau urteetarako PSE-EErekin adostutako gobernu akordioaren ardatz nagusiak ere aurreratu ditu Olanok. Desberdintasunen gainetik, "Gipuzkoa indartsu, solidario eta kementsu" baten alde lan egingo dutela adierazi du.

Markel Olano eta Denis Itxaso sozialista, biak batera, egin dute agerraldia Diputazioko jauregian. Hain justu ere, ahaldun nagusiaren ordekoa izango da Denis Itxaso sozialista; Kultura, Turismoa, Gaztedia eta Kirolak eta Lankidetza diputatu ere izango da. "Guztientzat" gobernatuko dutela hitzeman du Itxasok, eta azken lau urteotako "ataskotik" irteteko lan egingo dutela.

Bestalde, ahaldun nagusiaren kabineteko burua, Bilduren agintaldiaren aurretik bezala, Xabier Barandiaran izango da.

Debagoiendar bakarra izango da, hortaz, foru gobernu berrian gobernuan: Aintzane Oiarbide. Orain artekoan hiru izan dira: Martin Garitano ahaldun nagusia, Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko diputatua, eta Ander Rodriguez gizarte politiketakoa.

Zinegotzi eta batzarkide

Azkeneko agintaldian Bergarako EAJren zinegotzietako bat izan da Oiarbide. Bozeramaile, gainera, agintaldiaren azken hilabeteetan izan ezik. Batzarkide ere bai. Bide azpiegituretako gaietan EAJren bozeramaile izan da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eztabaida bizia sortu da hainbatean haren eta Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu oñatiarraren artean; aurretik ezagunak izan ziren bien arteko hika-mikak Goiena telebistaren platoan.

Deskarga, Bidegi, bidesariak… Gai potoloak izan dira agintaldi honetan. Erabat itxi barik geratu direnak. Datozen lau urteotan horiei irtenbidea eman beharko die, besteak beste, Oiarbidek.

Artxiboko irudi baten, Oiarbide, Imanol Lasa alboan duela.

Zortzi diputatu

EAJk eta PSE-EEk osatuko duten Foru Aldundi berriak bost diputatu jeltzale eta hiru sozialista izango ditu. Parekidea izango da: launa emakume eta gizonezko izango ditu.

Diputatuen kargu hartze ekitaldia eguen eguerdian egingo da Foru Aldundian bertan.

Honako hauek dira diputatuak eta izango dituzten ardurak:

  • Ogasuna: Javier Larrañaga (EAJ)
  • Sustapen Ekonomikoa: Ainhoa Aizpuru (EAJ)
  • Gizarte politikak: Maite Peña (EAJ)
  • Gobernamendu eta Komunikazioa (bozeramailea): Imanol Lasa (EAJ)
  • Bide Azpiegiturak: Aintzane Oiarbide (EAJ)
  • Kultura, Turismoa, Gaztedia eta Kirolak eta Lankidetza: Denis Itxaso (PSE-EE)
  • Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa: Marisol Garmendia (PSE-EE)
  • Ingurumena: Jose Inazio Asensio (PSE-EE)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak