Ordezko mediku euskaldunak lortzeko eragozpenak salatu dituzte

Txomin Madina Milikua 2015ko eka. 18a, 19:58
Debagoieneko Ospitalaren aurrean egindako elkarretaratzea.

Udako oporretan Aramaiorako ordezko mediku euskalduna bilatzeko egoten diren eragozpenak salatzeko, elkarretaratzea egin dute asteon Debagoieneko Ospitalearen aurrean. Agerraldiaren harira, Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritzatik euskalduntze prozesuan egiten ari diren lana azpimarratu nahi izan dute.

Udako oporretan Aramaiorako ordezko mediku euskalduna bilatzeko egoten diren eragozpenak salatzeko atzo Debagoieneko Ospitalearen aurrean egindako elkarretaratzean Aitor Montes Aramaioko familia medikuaz gain, hainbat erakundetako eta eragiletako ordezkariak ere egon ziren: besteak beste, Aramaio, Oñati, Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzagako udal ordezkariak; LAB eta ELA sindikatuetako kideak; medikuntzako hainbat ikasle; Uemako eta Kontseiluko ordezkariak; Euskal Herrian Euskarazekoak eta baita osasun zerbitzuen erabiltzaileak ere.

Aitor Montesen esanetan, aurreko urteetan bezala, aurten ere bere ordezkapena egiteko mediku euskaldun bat eskatu behar izan dute propio, eta horixe da hain zuzen ere salatzen dutena: Aramaio herri euskalduna izanda legeak berez hala agindu arren, urtero eskaria egin beharra.

Montesek dioenez, bere pazienteen gaineko oharrak euskaraz idatzita ditu, eta hala, Aramaiora doan ordezkoa erdaldun elebakarra bada, ez ditu oharrok ulertuko. Gaineratzen du modu horretara, pazienteen segurtasun klinikoa arriskuan jarriko litzatekeela, baita ordezko medikuaren segurtasun juridikoa ere.

Debagoieneko ESIko zuzendaritzaren ikuspuntua

Atzoko agerraldiaren harira, Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritzatik euskalduntze prozesuan egiten ari diren lana azpimarratu nahi izan dute.

Adierazi dutenez, Debagoienean lanpostuen %70ek derrigorra dute 2016rako euskaraz hitz egiteko ahalmena izatea eta ez dago kopuru hori gainditzen duen beste eskualderik, ez behintzat orain arte, euren esanetan. Eta datozen urteetan jubilatzen diren langileen lekua betetetzera etortzen diren guztiek ezinbestean bete beharko dute baldintza hori.

Debagoieneko ESIko langileen erdiak betetzen du jada baldintza hori, baina portzentaje hori ez da berdina kasu guztietan: erizain eta erizain laguntzaileen artean portzentajea askoz altuagoa da, aldiz, baxuagoa da mediku espezialisten kasuan.

Juan Manuel Sanzo zuzendari medikuaren esanetan, urteroko arazoa da hau, baina dio ez duela oso ondo ulertzen atzokoa, ekain hasieratik bermatuta dagoelako Aramaion udan ere mediku euskalduna izango dutela. Eta horrek beste lekuren batetan sortu dezakeen gabeziaren harira esan du, dagoena kontuan izanda, ez dutela lehentasunak markatu eta horrelako aldaketak egitea beste erremediorik.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak