Emakumeen Euskal Birako lehen etapa Arrasaten hasi eta bukatuko da

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko eka. 2a, 15:32

Urtero munduko ziklista onenak erakartzen dituen Emakumeen Euskal Biraren 28. edizioa ekainaren 10ean hasi eta ekainaren 14an amaituko da. Atariko etaparen ostean, ekainaren 11ko lehen etapa Arrasaten hasi (16:00) eta bukatuko (18:30) da, Garibai autobus geltokian. Hortaz, Debagoienean zehar ia 100 kilometro egingo ditu. 

Emakumeen Euskal Birako antolakuntzak eta Debagoieneko Mankomunitateak adostu dutenez, aurten ere gure bailarako lurrak zeharkatuko ditu birako etapa batek. Duela bi urte Aretxabaletan egin zen eta iaz Oñatin, bada, aurten Arrasateri dagokio etapako irteera eta helmuga hartzea. 

Aldaketak ohiko zirkulazioan

Ekainaren 11n izango da Arrasateko etapa, atarikoaren ostean lehena izango dena. Eragozpenak sortuko ditu ohiko zirkulazioaren funtzionamenduan; adibidez, autobus geltokia taxien geralekura pasatuko dute: "Aldez aurretik eskatzen diegu arrasatearrei ulertu dezaten", diote Udaletik. Era berean, etapako ibilbidean zehar zenbait bider eten beharko dute zirkulazioa. 

Ikuskizuna herri barrutik

Arratsaldeko lauretan Garibaitik irtenda, Aretxabaletarantz joango dira eta Aretxabaletatik Eskoriatzara, betiere herri barrutik. Gero saihesbidetik joango dira Oñatira eta bertako tarteko helmugatik pasa ondoren, Elorregira bueltatuko dira Bergararantz joateko. Bergaran zati bat herri barrutik egingo dute eta Arrasaterantz egingo dute buelta Aramaiorantz igarotzeko.

Aramaio pasata, Kurtzeta igoko dute: "Kurtzetan gora bereizketak egongo dira baina Gatzagatik hasita dena beherantz izango da. Hortaz, pentsatzekoa da Garibaiko helmugara abiada bizian ailegatuko direla", adierazi du Arrasateko Kirol Zerbitzuko teknikari Juani Errastik. 

Arrasateko Udala antolaketa lanetan dabil buru-belarri, eta bere esku dauden baliabideez gain, zenbait kirol kluben laguntza ere izango dute. Besteak beste, Debagoieneko Txirrindulari Kluba, Dorletako Ama Taldea eta Dragoi Gimnasia Taldea ibiliko dira laguntzen. 

Faborito nagusiak

Bira irabazteko faboritoen artean daude UCIko sailkapenean orain bertan lehen sailkatua den Marianne Vos, 2014ko txapeldun Pauline Ferrand-Prevot eta Ana Van Der Bregen. Iaz hiru ziklista horiek osatu zuen Emakumeen Euskal Birako podiuma, eta adi jarraitu beharreko beste ziklisten artean egongo dira Emma Johansson eta Ebeline Stevensen. Bestalde, Gipuzkoako txirrindularien ordezkaritza osatuko dute Leire Olaberriak, Ane Santestebanek, Dorleta Eskamendik eta Lierni Lekuonak.

Amaitzeko, Udalak gonbidapena egin die herritarrei Laubide plazan egokituko duten gunea bisitatzeko: "14:00etatik 16:00etara oso une egokia izan daiteke bertara joan, sinadurak eskatu edo argazkiak ateratzeko. Azken finean, mundu hori bertatik bertara ezagutzeko", uste du Errastik. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak