Domekan, Debagoieneko Kantu eta Dantza Eguna Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mai. 11a, 11:06
Elgeta kantuan aurreko neguan.

Egun osoko egitaraua gertatu dute: eguerdian ehun kantu-zaletik gora kalez kale ibiliko dira kantuan. Bazkariaren ostean Herrixa Dantzan egingo dute, Espaloian, Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin.

Kantuan zein dantzan egitea gustuko dutenek hitzordua dute domekan Elgetan. Debagoieneko Kantu eta Dantza Eguna iragarri dute elgetarrek, eta egun osoko egitaraua gertatu dute. 12:00etarako egin dute lehenengo hitzordua. Elkartu, elkar ezagutu eta 13:00etan egitekoa den Elgeta kantuan prestatzen hasiko dira.

Aurrekoetan egindako Elgeta kantuan saioetako dinamika berdina izango du domekako ekintzak, baina aurreikuspena da askoz ere jende gehiago elkartzea. Aurrekoetan Elgetako eta Eibarko kantu-zaleek egin dute bat ekimenarekin eta oraingoan Aretxabaletatik, Arrasatetik... etorriko direla esan dute antolatzaileek. "Euskal Herriko kantu-zale talde guztiei egin zaie Elgetara etortzeko gonbidapena", esan dute antolatzaileek. "Ehun bat lagunek baieztatu dute, oraingoz, parte hartzea".

Errepertorioa

Kantu zaleak kalez kale eta tabernaz taberna ibili dira adostutako errepertorioa abesten. Aukeratutako kantuak dira:

- Ireki bihotza
- Aberriaren mugak
- Agure zaharra
- Amak ezkondu ninduen
- Azken dantza
- Baratze bat
- Goizian argia hastian
- Lau haizetara
- Maitasun hitzak
- Xalbadorrn heriotzean
- Errota zaharra
- Txantxibiri
 
Elgetako taldeak jakinarazi du bihar, martitzena, egingo dutela errepertorioa prestatzeko hurrengo saioa. Izango da 21:00etan, kultura etxeko musika gelan eta saioa irekia izango da nahi duen orok parte har dezan.

Egitaraua

10:30ean, Intxortako lubakiak bisitatzeko aukera.
12:00etan, harrera herriko plazan.
15:00etan, bazkaria Espaloian. Prezioa 15 euro. Izen-emateko azken eguna: maiatzak 11.
Ostean, kantuak Gardokirekin eta Beñatekin.
18:00etan, Herrixa Dantzan saioa Jainaga eta Narbaizaren zuzeneko musikarekin.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak