Huhezinema, erreferente bihurtzeko bidean doan euskal film laburren jaialdia

Huhezinema euskal film laburren jaialdiak hazten jarraitzen du urtez urte. Apirilaren 30ean amaitu zen zortzigarren edizioa eta jaialdiaren antolatzaile diren MUko ikasleak –Iban Del Campo irakaslearen gidaritzapean– oso pozik azaldu ziren jaialdia amaitu ostean. Sail Ofizialeko sari nagusia, Goiena saria –800 eurokoa–, Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen filmak irabazi zuen. 

Eguenean, Huhezinemaren azken egunean, Sail Ofizialeko hamar finalisten lanak izan ziren ikusgai Aretxabaletako Arkupe kultura etxean eta, ondoren, jaialdiak antolatzen dituen hiru lehiaketen sari banaketa egin zen.

Basque Culinary Center lehiaketari dagokionez, 100 euroko ikusleen saria Da casting lanarendako izan zen (Irati Elortondo, Loinaz Elorza eta Mikel Uralde); 400 euroko sari potoloa, On egin! lanarendako (Haizea Arizaga, Eider Ballina, Anne Baskaran, Irati Briñas, Angela Carnovich eta Irati Crespo).

Ikasleen lanetan maila gora urtez urte

Mondragon Unibertsitateko ikasleen lehiaketari dagokionez, antolatzaileek nabarmendu zuten kalitateak gora egiten duela urtez urte. 100 euroko ikusleen saria Ur azpian lanak eraman zuen (Jon Campo, Ibai Iregi eta Iñaki de Bilbao). Fikziozko lan onena Kate motzak film laburrarentzat izan zen, 200 eurotan saritua (Amaia Beldarrain, Patricia Lasuen, Jone Amonarriz, Ibon Agirre, Eñaut Abarrategi eta Izar Usobiaga) eta dokumental onenaren saria, beste behin, Ur azpian lanarendako, beste 200 eurotan saritua. Azken bi sariak irabazitako taldeek, diru kopuruaz gain, Gaztezulo aldizkariaren urtebeteko harpidetza ere irabazi zuten.

Goiena Saria, Aitor Arregirendako

Sail Ofizialari erreparatuta, 200 euroko ikusleen saria Oscar desafinado-Tunning Oscar film laburrarentzat izan zen (Mikel Alvariño). Aktore onenaren saria ere, film labur berdineko aktoreak eraman zuen, Barbara Goenagak, 100 eurotan saritua. Azkenik, Sail Ofizialeko Goiena Saria, 800 eurotan saritua, Zarautzen erosi zuen film laburrarentzat izan zen (Aitor Arregi).

Sari banaketaren ostean eta Huhezinemaren 8. edizioarekin amaitzeko, Orly tabernan luntxa egon zen, Los Galerna talde arrasatearraren kontzertuarekin batera.

Erlazionatuak

Huhezinema azken txanpan

Aretxabaleta

Aretxabaleta zinemaz zipriztinduta ageri da oraingo egunotan Huhezinema dela-eta. Sail Ofizialera aurkeztu baina finalera egin ez duten lanak ikus ...
Filmetako musikaren sekretuak argitu ditu Gorka Cornejok Huhezineman

Aretxabaleta

Gorka Cornejo zinegile donostiarrak, ‘Musika Zineman’ hitzaldia eskeini zuen Aretxabaletako Arkupen. Huhezinema jaialdiaren barne, musi...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.