Madrildik helburua beteta itzuli dira ibarreko atletak

Xabier Urtzelai 2015ko api. 29a, 11:04
Madrilera joandako lagun taldea hotelean –ez daude denak.

Oñatiko Antxintxiketan atletismo taldeak antolatuta lagun koadrila politak –14 joan ziren– asteburu pasa ederra egin du Madrilen. Hala, maratoian egindako esfortzutik errekuperatzen zebilela egin du berba Asier Osinagak GOIENArekin.

"Ederto ibili gara. Gutako bakoitzak lortutako marka alde batera utzita, oso positiboa izan da Madril moduko hiri baten lehiatzea. Helburu garbia geneukan, kirola aitzakia moduan hartuta jendea taldera gerturatzea, eta jende berria ezagutzea, eta hori bete dugu. Pentsa, hurrengo bidaia nora egin pentsatzen hasita gaude jada". 

Hainbat distantzia aukeran 

Denek ez zuten maratoia egin: "Oso zaila da maratoia egiteko 20 lagun batzea, eta horregatik aukeratu genuen Madril, 10 kilometroko lasterketa egiteko aukera ematen zuelako, edo maratoi erdia, ala maratoia". Hala, hiru lagunek egin zuten maratoia, beste hiruk 10 kilometrokoa, eta gainontzekoek maratoi erdia. 

Zirkuitu aldapatsua 

Osinagaren esanetan Madrilgoa ez da markak egiteko zirkuiturik aproposena: "Aldapa asko dituen zirkuitua da. Maratoian, esaterako, oso zaila zen erritmo jakin bati eutsi ahal izatea, gorabeherek erritmoa apurtzen zutelako". Baina orokorrean denak geratu ziren egindako lanaz gustura, eta Osinagak Ritxar Fernandezek egindako lasterketa nabarmendu du, 10 kilometroko proban Oñatikoa zortzigarren sailkatu zelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak