Imanol Goñi eta Oihana Kortazar, pronostikoak beteta, Arrasate-Udalatxeko irabazle

Arrasate-Udalatx lasterketako lehenengo edizioa borobila izan da. Eguraldia lagun, mendizale asko batu dira Udalan eta Udalatxen korrikalariak animatzeko asmoz. Eta horiek ez dute kalerik egin, batez ere faboritoek, lasterketa azkarra eginda eurak nagusitu direlako. Hala, Eako Imanol Goñi eta Elgetako Oihana Kortazar gailendu dira helmugan. Astelehenean (22:00) Goiena Telebistako Harmailatik saioa berezia izango da. [Goiko bideoan saioaren aurrerapena]

Gizonezkoetan lehia ederraz gozatu ahal izan dute ikusleek, lehenengo hiru sailkatuen artean 9 segundoko tartea baino ez delako egon. Imanol Goñik 1:49:17an geratu du erlojua, baina azken kilometroetan gain-gainera etorri zaio Aritz Kortabarria arrasatearra (1:49:23), eta hirugarren sailkatu den Igor Mancisidor hiru segundo geroago helmugaratu da (1:49:26). Emakumezkoetan Oihana Kortazarrek (2:13:50) ez du horren borroka estua izan, Sara Peña bigarren sailkatua hamar minutura helmugaratu delako. Hirugarren, berriz, Oihana Arratibel izan da, eta bi horien artean lehia handiagoa izan da, 29 segundogatik nagusitu delako oriotarra.

Arrasatekoen artean, berriz, Aritz Kortabarriarendako eta Ane Zabalarendako izan dira herriko ordezkari onenaren sariak [Hemen sailkapen osoa].

Joseba Iglesias saria, 22 minutuko lan gogorraren truke

Lasterketak, baina, bazuen beste sari berezi bat, Joseba Iglesias saria. Hala, Udala eta Udalatx artean hartutako denbora onena Iñigo Larizena izan da, hor ere faboritoak irabazi du, erlojua 22 minututan geratuta: "Udalara iritsi baino apur bat lehenago hanka altxa behar izan dut, arnasa hartu eta udalatxeko tartea indarrez ekiteko", adierazi du elgoibartarrak helmugan: "Tarte hori ondo egin gura nuen, baina sailkapenean ere lan txukuna egiteko asmoz etorri naiz, eta indarrak gorde behar ziren".

Eta emakumezkoetan, hor ere, Oihana Kortazar gailendu da, 28 minutuko denboraz: "Datorren astean Espainiako txapelketara goaz, eta entrenamendu gisa hartu dut gaurko lasterketa. Batez ere lauean eta goruntz ematen saiatu naiz, eta oso sentsazio onak izan ditut. Gainera, asko gustatu zait lasterketa, Udalatx gainean izan den jendetzaz bazirudien Zegama-Aizkorrin geundela, Aratz-eko tartean, eta berezia izan da.

"Honek gauza bakarra eskatzen du, bigarrena antolatzea"

Lehenengo edizioa izateko baliabide ikusgarriak jarri dituzte Mondraitz taldeko antolatzaileek, eta Arteman enpresakoen laguntza izan dute horretarako: "Ederto irten da dena, ezin dugu gehiago eskatu. Hasi ginenean ez genuen halakorik antolatuko genuenik espero, baina bikain irten da dena eta honek gauza bakarra eskatzen du, datorren urtekoan pentsatzen hastea", adierazi du Eneko Urrizalki antolatzaileak. Hala, Artemanekoekin elkarlanean Arrasate-Udalatxen gaineko Harmailatik saio berezia eskainigo du Goiena Telebistak astelehenean, 22:00etan hasita.

 

Erlazionatuak

Asteburu "historikoa" Antxintxikakoendako

Debagoiena

Ezin asteburu borobilagoa izan da hau Antxintxika Triatloi taldeko lagunendako, lasterketetan batera eta bestera ibilita ere, egon direnetan protag...
Mondrak amesten jarraitu gura du

Arrasate

Erregional preferentean lau jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko, eta azken jardunaldira arte "bizirik" iritsi gura du Mondrak, izan ere, azken ...
Bergarak arnasa hartu du, eta Antzuolak azkenera arte borrokatzeko asmoa duela berretsi

Antzuola Bergara

Bergarak eta Antzuolak irabazi egin dute ligako 29. jardunaldia eta horri esker hiru puntu baliotsu batu dituzte. Bergarak Elgoibarren kontra (2-1)...
Arizmendi Series Colegiales torneoko txapeldun!

Debagoiena

Series Colegiales torneoko finala irabazi du Arizmendik, egubakoitz iluntzean Corazonistas-en kontra emozioz betetako partidua irabazi ostean. Sask...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.