Juanma Garate: "Gorlako Igoerako irteeran gazteen urduritasun aurpegia ikusi gura dut, guk izaten genuen berbera"

Xabier Urtzelai 2015ko mar. 26a, 06:00
Juanma Garate, Mont Ventoux-eko helmugan.

Juanma Garatek gazte mailatik harreman estua izan du Bergarako ziklismo zaleekin. Birritan irabazi zuen Gorlako Igoera [1998an eta 1999an], baina profesionaletara salto egin zuenean –duela 15 urte– ere bergararrek gertutik jarraitu izan dute Irungo ziklista. Hala, Lokatza inguruko lagunek denboraldi amaieran Elorregin antolatzen duten afarian ikusi izan dugu Garate, mahaiaren bueltan. Domekan merezitako omenaldia jasoko du, eta pasa duen azken urte gogorraren aurrean, seguru, gogotik eskertuko duela.

Ziklistok egutegi betea izaten duzue konpromisoei erantzuteko, baina behin erretiroa hartuta, gustura hartuko dira halako omenaldiak.

Duda barik. Lagun artean egun pasa ederra egitera noa Bergarara. Gaztetatik dut harremana antolatzaileekin eta inguruko lagunekin, afizionatu moduan lehenengo, eta profesional moduan gero. Ziklismo zale amorratuak dira, eta Tourrean, Giroan... jarraitu izan naute. Baina, amateur mundua ere gertutik jarraitzen dute, Gorlako Igoera antolatzen jarraitzen dute... Benetako zaleak dira, eta oso harro nago euretaz. Eta badut, goizean, lasterketa hasi aurretik gazteen urduritasun aurpegia ikusteko gogoa, guk izaten genuen berbera.

Ze oroitzapen duzu Gorlan lortutako garaipenez? [Bakarra da birritan segidan irabazi duena, eta errekorraren jabe izan zen bi urtez, Contador iritsi zen arte].

Oso lasterketa berezia zen niretako. Gogoan dut Joseba Arregik (Iberdrola) erakutsi zizkidala igoerako sekretu guztiak. Nik irabazi baino bi urte lehenago Josebak eta biok Beasainen aparkatu genuen autoa, eta bizikletan joan ginen Bergararaino. Gorputza berotzeko mendate erdia baino gehixeago igo genuen, eta ondoren kafea hartzera joan ginen. Bada, urte hartan (1996) Josebak berak irabazi zuen, eta nire buruari esan nion nik beste horrenbeste egin behar nuela.

Bada, hurrengo urtean Carlos Sastrek irabazi zuen (1997), eta hurrengo bi garaipenak zureak izan ziren. 

Eta bi edizio horietan erritual berbera errepikatu nuen. Beasainen, Salbatore auzoan autoa aparkatu, Bergararaino bizikletan etorri, Gorlako zati handiena igo, eta plazara jaitsi, kafe bat hartzera. Han, irteeran, ziklistak urduri ikusten nituen, irteeran leku ona hartzeko borrokan. Eta ni lasai nengoen, gurago nuen Josebak irakatsi moduan atzean irten eta hasierako estres hori ekidin. Zortzi kilometro ezin dituzu esprintean igo, eta igoeran zehar astia izaten da atzetik aurrera egiteko. 

Bi garaipenak esprintean izan ziren.

Bai, baina biak oso ezberdinak izan ziren. Lehenengoan Jonathan Hall australiarrak sekulako erakustaldia eman zuen, eta ihes eginda joan zen. Tontorrera iristear ginela Pello Arreitunandiak erasoa jo eta harekin joan nintzen. Hala, Hall harrapatu genuen, eta esprintean atzean utzi nuen Pello. 

Juanma Garateren garaipena, 1999ko Gorlako Igoeran; bigarrena zen jarraian.

Eta bigarrena?

Gogoan dut lasterketa bezperan, ohean nintzela zera neukala buruan: Lasterketa irabazten badut ezin dut garaipena bi besoak jasota ospatu. Izan ere, lehenengo garaipena halaxe ospatu nuen eta ez nuen modu berean egin nahi. Orduko erretratua ikusten baduzue esku bakarraz ospatzen dut garaipena [Barre]. Urte hartan, baina, denak zeuden nik zer egingo nuen zain. Igoerako azken metroetan egin nuen ihes, Koldo Gil atzetik etorri zen, eta aurretik zen Astarlotza harrapatuta irabazi nuen. 

Errekor berria ezarri zenuen [20:33], Contador iritsi zen arte.

Bai, eta gogoan dut Puritok irabazi zuenean (2000. urtean) telefonoz deitu zidala, esanez errekorra kendu zidala. Baina ez, gero aitortu behar izan zuen errekorra oraindik nirea zela [Barre]. Eta gogoan dut Contadorrek 3 segundotan ondu zuela nire errekorra [20:30]. 

Non zegoen, bada, Gorlako Igoerako sekretua?

Igoeran, eskumatara egiten duen azken kurba zen erasoa jotzeko une aproposa. Eta ordura arte ahalik eta lasaien joaten ahalegintzen nintzen, haizearen babesean. Esprinta, berriz, azken zuzena baino lehenago jo behar zen, bestela ez dagoelako nahikoa denbora, tarte horretan abiadura handia hartzen genuelako. 

Gorlako Igoera alde batera utzita, Gabon aurretik erabaki zenuen ziklismoa uztea. Ez da amestutako agurra izan [Belkin taldeak urtebetez baztertuta izan du Garate, lan-kontratuan gorabehera batzuk izan ostean. Hemen bere egunean Garatek emandako azalpena].

Bada, ez da amestutako agurra izan, ez. Detailetan sartu barik, ikusten ari gara Belkin taldean zelako gestorea duten. Nire arazoaren ostean beste batzuk etorri dira, beste txirrindulari batzuekin, eta taldea uztea erabaki dute. Etorriko dira arazo gehiago, seguru nago. Kirol emaitzak ere hor daude, uste dut bi talde direla UCI Pro Tourrean garaipenik lortu ez dutenak, eta Belkin da horietako bat. Penagarria da, garai bateko Rabobank taldearen jarraipena da, baina beste gestore batekin, ez du zerikusirik lehengo taldeaz. 

Juanma Garate, Mont Ventouxeko amestutako garaipenean. Argazkia: ciclismoafondo.com

Zaleek, baina, ez zaituzte azken urte horrengatik gogoan izango, eta bai egindako Giroengatik, edo Mont Ventoux-en [2009ko Tourra] lortutako garaipenagatik. 

Eta oso eskertuta nago horregatik. Horrek erakusten du zaleak ni baino inteligenteagoak direla, nik buelta asko eman dizkiodalako azken urte honi, komeni baino gehiago, eta asko sufritu dut horren kontura. Baina beno, hasi naiz egoerari buelta ematen.

Jarraitzen dituzu lasterketak?

Sasoi batean haurren bizikletak ere ez nituen ikusi gura, ez nuen ziklismoaz ezer jakin gura. Baina esandako moduan hasi naiz egoerari buelta ematen. Milan-Sanremo proba gustura ikusi nuen aurrekoan, eta konturatzen zara urte hauetan guztietan zelako esperientzia pilatu duzun. Horrek aukera ematen dit lasterketa ikusten nagoen bitartean beste askok ikusten ez dituzten gauzak ikustera, detaile askotan fijatzera. Ez nago lasterketen egutegiaren pendiente, baina parean tokatuz gero gsutura ikusiko ditut lasterketak.

Kategoria txikiekin ari zara lanean.

Bai, Irungo ziklismo taldeaz zorretan nagoela uste dut, umetan nigatik egin zuten guztiagatik, eta ahal dudan neurrian laguntzen diet. Kategoria horietan asko dago egiteko, baina askotan zalantza izaten dut nik dakizkidan gauzak ze punturaino diren baliagarri eurendako. Hau da, profesional mailan urtetan ikasitako gauzak ez dira, esaterako, gazte mailan aplikagarri, ez luke zentzurik izango gazteei estrategia gorabeherekin burua nahastea. 

Bergarako ziklismo zaleekin, Lokatzako ordezkariekin, eta hainbat txirrindularirekin batera, denboraldi amaierako afarian (2010), Elorregiko elkartean. Juanma Garate erdian, goian.

Kirol ibilbidea errepasatzen, Vueltan, Giroan eta Tourrean jaso dituzu besoak...

Zalantza barik, Giroa izan da niretako lasterketarik garrantzitsuena, itzuli horrek eman dit gehien, nahiz eta garbi daukagan Tourreko Mont Ventoux-eko garaipenak izan zuela ohiartzunik handiena. Vueltako garaipena, berriz, oso gaztetan iritsi zitzaidan, Vinarosen (Castelló-n) irabazi nuen eta ohartu nintzen lasterketak irabazteko kapaz ere banintzela. Baina, bere garaian Carlos Sastreri entzun nion moduan, kapitain izan aurretik soldadu izatea komeni da, ondo dago besteendako lan egitea zer den jakitea, eta garaipen goiztiarrek ez dute mesede handirik egiten. 

Lampre, Saunier Duval, Quick Step, Rabobank-Belkin. Zer geratu zaizu bakoitzetik?

Sasoi ezberdinak izan dira. Lamprek profesionaletara salto emateko aukera eman zidan, familia bat ginen eta errespetu handia genien taldeko beteranoei. Saunierren ere ondo egon nintzen, baina trantsizio urtea izan zen. Quick Step taldeak, berriz, Girora lider moduan joateko aukera eman zidan eta hor ezagutu nuen zer zen talde handi batean egotea. Eta Rabobank taldean, bada pentsa, lider handien ondoan egoteko aukera izan nuen, Freire, Menchov... 

Pena izango litzateke, baina, esperientzia hori guztia talde profesional batean ez aplikatzea.

Ez dut aukera hori baztertzen. Orain etorkizunean nondik joko dudan erabakitzen hasteko ordua da. Ikusiko dugu zer egiten dugun.

Erlazionatuak

Gorlako maldak, ziklisten zain

Xabier Urtzelai 2015 mar 26 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak