Martxoaren 26an irekiko dute AP-1 autobidea Eskoriatzatik Lukura

Eneko Azkarate 2015ko mar. 17a, 13:50

Hasiera baten, gainera, errail bat bakarrik irekiko dute. Izan ere, Gasteizerako noranzkoan joan zen astean izandako luizia egonkortu eta konpontzeko lanak gaur bertan hasi eta uztailaren 15era arte luzatuko dira-eta.

AP-1 autobidean, Eskoriatzan, gasolindegia dagoen lekutik gertu izan zen luizia. Lehena martxoaren 3an gertatu zen. Mendi maldak behera egin zuen eta harri koskor batzuk erori ziren, errepideraino heldu zirelarik. Bigarrena, Gasteizerako errail biak hartu zituena, joan zen barikuan edo zapatuan gertatu zen, toki berean.

Ez Gipuzkoako Diputazioko ez eta Herrizaingo saileko iturriek ez dute zehaztu noiz gertatu zen bigarren luizi handi hori. Kontua da, segurtasuna bermatze aldera, joan zen egubakoitzean itxi egin zutela berriro ere tarte hori. Eskoriatzako lotunetik Lukura arteko tartea, hain justu ere.

"Teknikariek egindako ikuskapenetan, mugimenduak antzeman dituzte lerratutako material masan, eta horregatik itxi dute autobidea, material horiek Eibarko noranzkoko galtzadara iristeko arriskua zegoelako" adierazi dute Diputaziotik.

Autobidea zeharo itxita egongo da martxoaren 26ra arte, datorren eguenera arte, eta, egun horretatik aurrera, by-pass bat prestatuko da, eta, lerro bat irekiko da noranzko bakoitzean.

Lurrak egonkortzeko lanak gaur, martxoak 17 hasi dira eta espero da obra guztiak amaitu eta bi noranzkoetako zirkulazioa erabat irekitzea uztailaren 15erako.

Ordezko ibilbide gomendatuak hauek dira: Ibilbide luzekoentzat, abiapuntua/helmuga Gasteiz–Donostia duenarentzako, AP8 eta AP68 autobideak, edo NI errepidea. Debagoiena eta Gasteiz arteko barruko zirkulaziorako, GI-627 errepidea (Arlaban mendatea) edo GI-3310 errepidea (Eskoriatza–Leintz Gatzaga).

Trafikoa handitu egin da Leintz Gatzagan

Autobidea itxi dutenetik trafikoa handitu egin da bai Leintz Gatzagatik eta baita Arlabandik ere. Ilara luzeak sortu dira, honenbestez, batez ere Leintz Gatzagan, semaforoa dela-eta.

Eskoriatzako udaltzaingotik adierazi dutenez, "anekdotikoa" da oraingoz eragina eta, azaldu dutenez, "atzerritarren bat edo beste ikusi" dute "herrian galdezka", baina hortik harago ezer nabarmentzekorik ez da gertatu; ez astebarruan, ezta asteburuan ere.

Aldiz, oso bestelako da egoera Leintz Gatzagan eta hango Udaleko ordezkari batek "beldurgarri" moduan deskribatu du zirkulazio pilaketa eta horrek sortu dituzten arazoak. Gatzagako semaforoaz gain, Arlabango errepideak bide alternatiboa eskaintzen badu ere, zirkulazioa areagotzeak eta Gaztañadui sarrerako lanen ondorioz ipinitako semaforoak, herriko beste sarreran ere pilaketak eragin ditu. Atzo, astelehena, eragina "oso nabarmena" izan zela diote Udaletik eta gaur ere zirkulazioa geldi egon dela goizean zehar zenbait unetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak