Aritz Saidi: "Antzuolako 8 Miliakek egin du bere lekua egutegian, horrek pozten gaitu"

Xabier Urtzelai 2015ko ots. 19a, 12:02
Iazko lasterketako une batean, korrikalariak Irimora bidean.

Geroago eta korrikalari gehiago daude sukarrak jota. Mendi lasterketen birusa aurtengo gripea baino errazago dabil hedatzen, eta Antzuolako 8 Miliak lasterketako izenemateaz gertatutakoak erakusten du hori: "Pasada bat izan zen, izenematea zabaldu eta 17 ordutan plaza guztiak beteta genituen, 240 guztira", azaldu du antolatzaile lanetan dabilen Aritz Saidik. [Hemen iazko telebista erreportajea]

"Babesleendako dortsal gutxi batzuk gorde ditugu, baina ez dugu preferentziazko traturik gura izan, eta jende askori esan behar izan diogu sentitzen dugula, baina aurten leku barik geratu direla, nahiz eta korrikalari onak izan".  

Sukar horrek badu antidotoa, 2015eko lasterketen egutegia: "Antzuolakoak bere lekua egin du egutegian, egonkortu egin da, eta horrek pozten gaitu. Urtea hasteaz batera jendea 8 Miliak probarako prestatzen hasten da poliki-poliki". 

Egutegiko lehena 

Antzuolakoa izango da Debagoieneko lasterketen barruan egutegiko lehena: "Ibilbideari dagokionez ez dago nobedade handirik, Irimora igoko dira korrikalariak, ia 14 kilometroko ibilbidean –835 metroko desnibelaz. "Trenbideko zati bat txukundu egin dute, baina ibilbidea urterokoa izango da, eta gerra ederra aurreikusten dugu, lokatz mordoa egongo delako". Antolatzaileek, baina, baztertu egin dute tontorrean elurrik egongo denik: "Astean bota duen euriaz lokaztu egin da dena. Jaisteko beldurrez ibiltzen denak erabil ditzala bastoiak, lagungarri dira". 

Faborito argi barik

Hala, faboritoen gainean berba egiterakoan Saidi ez da izenik esatera ausartzen: "Izenematea segituan bete zenez aurrean ibiltzen den jende asko kanpoan geratu da, eta ezin izenik aurreratu. Hala, iazko irabazleak (Ekaitz Kortazar eta Leire Fernandez) dira gonbidatu ditugun bakarrak, baina ezin dute etorri beste konpromiso batzuk dituztelako". Hala, txapela janztearen borroka inoiz baino irekiago egon daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak