Presioko garagardo barik tximista batek, atzo goizean, kañeroa hondatu ostean

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko ots. 6a, 11:42
Begoña Arreitunandiaren biloba Intza eta Paco Ormaetxea, gaur goizean, matxuratutako kañeroaren ondoan.

Elgetako Iñaki jatetxean zur eta lur daude oraindik gertatutakoarekin. Tximistak elizako tximistorratza jo zuen, gero taberna aurrean aparkatuta zegoen Ertzaintzaren auto bat eta hortik tabernako makina.

Ohiko martxa dute gaur Iñaki jatetxean, baina presioko garagardo barik daude. Pozik dira, azken finean, hori bakarrik izan delako. "Ikaragarrizko tximista izan zen", kontatu digute gaur bertako tabernari Begoña Arreitunandiak eta haren biloba Intzak. "Sekulakoa izan zen, eta esan digutenez elizaren kanpandorrean dagoen tximistorratzan jo zuen lehenengo. Hortik gure tabernaren aurreko aldean aparkatuta zegoen Ertzaintzaren auto batera, eta hortik presioko garagardoaren gure makinara".

10:30ak inguru zirela dio Arreitunandiak eta azaldu duenez tabernako hozkailu guztiak amatuta ziren. Argindarraren panel elektrikora joan, salto egindakoak berriz martxan jarri eta konturatu ziren presioko garagardoaren makina ez zebilela. "Leiho ondoan daukagu. Ertzainen autotik gertuen zegoen makina da", azaltzen du.

Susto hutsean geratu da kontua nahiz eta makina konpontzeko dagoen. Tximistak jo zuen unean tabernan zegoen Paco Ormaetxea bezeroak ere ondo gogoan du unea. "Handia izan zen, bai jauna! Horrelakoak gutxitan!", dio.

Momentuz ez da bestelako ondoriorik antzeman. Baina Elgetan gogoan dute orain zazpi edo zortzi urteko otsailaren 14n jo zuen beste tximista indartsu bat. Torrealde, Salbador eta San Roke kaleetako bizilagun askok ordenagailuak eta telebistak aldatu behar izan zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak