Debagoieneko piano-jotzaile gazteek emanaldia egingo dute

Maialen Torres 2015ko urt. 30a, 17:56

Andoaingo piano jaialdiaren hamargarren edizioan parte hartzeko gogor egin dute lan Debagoieneko hainbat ikaslek, baina, hara joan baino lehen, otsailaren 4an euren dohainak erakutsiko dituzte Arrasateko Amaia antzokian, 18:30ean. Edorta Aiastuik, Arrasate Musikaleko irakasleak, azaldu du datorren eguazteneko emanaldiak "prestakuntza gisa" balioko diela ikasleei, Andoaingo saiora begira.

Hamargarrena izango da aurtengo Andoaingo piano jaialdia. Bertan, Euskal Herri osoko 18 urtetik beherako 700 piano-jotzaile inguruk hartuko dute parte, bi modalitatetan banatuta. Bakarlariak arituko dira, batetik, eta,  bestetik, pianoa lau eskutara jotzen dutenak. Horrez gain, hiru maila bereizten dira, adinaren arabera: A, B eta C.

Presiorik gabeko lehia

Andoaingo jaialdian egiten duten lana epaimahai batek baloratuko du, eta maila bakoitzeko onenek dominak jasoko dituzte, baina parte hartzaile guztiei emango dizkiete diplomak. Dena den, Aiastuik azpimarratu du jaialdiak ez duela lehiaketa kutsurik, helburua "nork bere maila erakustea" da-eta. Gainera, era berean, Arrasate Musikaleko irakaslearen ustez, epaimahai baten aurrean aritu beharra lagungarria da ikasleentzat, aurrerantzean izango dituzten azterketei begira.

Araceli Guridi, Amaia Urdangarin, Ainhoa Galdos, Lorea Larrañaga, Paul San Martin, Elisabeth Mendirarantz, Isabella Blezien eta Rakel Hernandez izan dira ikasleok trebatzeko lanean aritu diren irakasleak. Aiastuiren iritziz, ikasleak "oso prestatuta" joaten dira Andoaingo saiora. "Gogor egiten dute lan, baina oso prestakuntza ona jasotzen dute", esan du.

Arrasaten, erakustaldia

Oñatiko, Bergarako, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Elgetako eta Arrasateko piano-jotzaileak izango dira Amaia antzokian kontzertua eskainiko dutenak; beraz, ia bailara osoko gazteak elkartuko dira otsailaren 4an.

Musikari gehienak bakarka arituko dira, baina izango dira lau eskutara joko duten bikoteak ere. Guztira, 48 pieza joko dituzte, kanpoko artistenak zein bertakoenak. Adibidez, Arteagaren Behin edo behin. Bada, Strauss eta halako konpositore klasikoen lanetatik hasi, eta Over the rainbow eta We like to swing obra garaikideagoetaraino, abesti zerrenda luzea eskainiko diete entzuleei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak