Zirkuitu berria estreinatuko dute Oñatiko ziklo-krosean, domekan

Ohiko bilakatu da Gabon inguruan Oñatin egiten den ziklokros proba; baina, aurten, berritasunekin dator. San Martin inguruan izan beharrean, Urrutxun jokatuko da aurten V. ziklokrosa.

Antolatzaileek 2.500 metro inguruko ibilbidea prestatu dute Urrutxu, San Bartolome eta Goribar Goitiko zelaietan. Lasterketak 10:00etan hasiko dira. Lehenengo saio horretan kadete mailako txirrindulariek parte hartuko dute, bai neskak eta baita mutilek ere. 

11:00etan gazte mailakoen txanda izango da. Alde batetik, gazte mailako neskak eta mutilak lehiatuko dira; baina, horiez gain, elite mailako neskak ere multzo horretan irtengo dira. 12:00etan, master 30, 40, 50 eta 60 mailakoen txanda izango da. Azkenik, 13:00etan, elite eta 23 urtez azpiko mutilen txanda izango da. 

Aloña Mendiko txirrindularitza saila ibili da antolatzaile lanetan. Horren harira, lehiaketan parte hartuko duten oñatiarren zerrenda egin dute: kadete mailan, Ander Gartzia; gazteetan, Julen Umerez, Xabier Aiastui, Ekaitz Txintxurreta, Xabier Murgiondo, Andoni Gartzia eta Beñat Ormaetxea; eta, Master 50 taldean, Andoni Gartzia. 

Ibilbide nahiko laua izango da 

Prestatu duten ibilbidea nahiko laua izango da. Hala ere, antolatzaileek esan dute euria eginez gero nahiko gogorra izan daitekeela ibilbidea. Zirkuituko punturik gogorrena Goribar Goitiko aldean dago: han, ziurrenik, bizikletan bizkar gainean dutela joango dira txirrindulariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.