Bergarako lantegian ekoizpenari utzi beharra "saihestezina" dela dio Candy-ko zuzendaritzak

Julen Iriondo 2014ko abe. 9a, 18:45

Candy-ko zuzendaritzak berretsi du "ahalegin guztiak" egin dituela lantegiko aktibitatea mantentzeko. Lehiakor izan zedin, 2004tik, Bergarako lantegian 14 milioi euroko inbertsioak egin dituztela dio oharrak, baina emaitzak ez direla onak izan.

Adierazi dute azken urteetan hainbat aktuazio egin dituztela ekoizpena Bergaran mantentzen ahalegintzeko: "Ekoizpen prozesuaren berrantolaketa neurriak; lankarga handitzeko neurriak; edo pertsonal egitura birdimentsionatzekoak". Baina ahaleginak ahalegin, ekoizpena "errentagarri" izatea ez dutela lortu diote.

Errentagarritasun hori ez lortzeko hainbat arrazoi aipatzen dituzte: "Goitik kargatzen diren garbigailuen Europako merkatuaren egoera kaxkarra, %20ko jaitsierarekin eta kostuen etengabeko hazkundearekin". "Horrek guztiak eragin zuzena izan du Bergarako plantan", dio zuzendaritzak: "Ekoiztutako unitate kopurua %61 jaitsi da 2007tik, eta denbora tarte horretan %58 gutxiago saldu da. Eta 2011tik, bai Bergarako lantegiak eta bai Taldeak galerak izan dituzte urtea joan eta urtea etorri".

Galera horiek urteroko kontuetan daudela, eta kontuok auditatuak izan direla dio oharrak, ondorengoa gehituz: "Lantegiaren errentagarritasun ezaren eta galeren inguruko datu guztiak, zeintzuk egiturazko izaeradun bihurtu diren, memorian eta aurkeztutako gainerako dokumentazioan argi agertzen dira".

Hau horrela, Bergarako lantegian ekoizpenari utzi beharra "saihestezina" dela dio zuzendaritzak: "Ekonomia, produkzio eta antolaketa alorretako arrazoi objektiboetan oinarritutako neurria da, eta lantegiaren egoeraren gaineko analisi zehatz baten ondorio".



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak