"Gero eta argiago dugu Candy ez dela itxiko"

Julen Iriondo 2014ko abe. 9a, 15:17

Candyko langileek manifestazioa deitu dute eguen honetarako. Egubakoitzean bukatzen da negoziazioetarako epea, eta langileek salatu dute enpresak egindako azken eskaintzaren helburua dela langileria zatitzea. Gainera, eurek eskatzen dutena da Bergaran lanean jarraitzea, ziur baitaude herriko lantegia bideragarria dela.

Bergarako Candyren itxiera prozesuan, egubakoitzean bukatuko da kontsulta epea. Langileek adierazi dute, enpresak epea luzatzea erabaki ezean, orduan amaituko dela negoziazioa, baina eurek bideragarritasun plana eskatzen jarraitzen dutela. Ziur daude Bergarako lantegia bideragarria dela.

Langileek salatu dute enpresaren hileroko datuak eskatu dituztela, adibidez, baina ez dizkietela eman; hileroko daturik ez dutela jasotzen esan omen diete, baina langileentzat hori adarjotzea da; ez dute sinisten halako multinazional batek hileroko daturik ez jasotzea. Beste aukerarik ez badute, diotena hala dela erakusteko epaitegietara joko dutela adierazi dute.

Enpresak azken bileran egindako eskaintzari dagokionez, asmo iluna ikusten dute atzean: langileriaren batasuna haustea. Itxaropentsu agertu dira, hala ere, eta adierazi dute gero eta argiago dutela Candy ez dela itxiko. Eta esker on hitzak ere izan dituzte, euren aldamenean dauden denendako.

Datozen ekintzei dagokienez, eguenean, 18:30ean plazan hasita, manifestazioa egingo dute. Asteburuan Madrila eta Bartzelonara joatekoak dira, El Corte Inglesera, Candyren bezero ona baita, eta Italiara, Candyren egoitzara joatea pentsatzen ere ari omen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak