Mondragon Taldeak adierazi du ezin dituela Ordainduren eta Eskuraturen eskaerak artatu

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko urr. 28a, 11:23

Mondragon Korporazioaren Kongresuko Batzorde Iraunkorrak  Ordaindu eta Eskuratu elkarteen eskariei erantzun die, irmoki esanez ezin dituela inondik inora aipatutako elkarteen aldetik egindako eskaerak artatu: "Mondragon taldearen izaera eta errealitatetik at dauden eskaerak direlako eta horretarako eskuduntzarik ez duelako".

Kooperatiba bakoitza da bere kudeaketaren erantzule

Ordaindu eta Eskuratu elkarteek egindako eskaerei erantzunez eskutitza kaleratu du Mondragon taldeak. Mondragoneko Kooperatiba bakoitza burujabea eta autonomoa dela, eta modu horretan, kooperatiba bakoitza dela bere kudeaketaren erantzulea azaldu dute testuan.

Enpleguari irtenbidea ematea

Dena den, enpleguari irtenbidea ematea Mondragonen borondatea eta lehentasuna dela nabarmendu dute, eta horretan dihardutela buru-belarri.

 

Batzorde iraunkorraren adierazpena:

Azken hilabeteotan, MONDRAGON Korporazioko ordezkariek zenbait bilera egin dute
"Asociación de afectados de las cooperativas Fagor Edesa Ordaindu Elkartea" zein "Asociación de afectados de las cooperativas Edesa Fagor Eskuratu Elkartea" (Eskuratu) elkarteetako ordezkariekin.

Horretaz gain, duela gutxi Eskuratuk MONDRAGONera eskutitz bat igorri du aurrekoetan transmititutako ideietan berreroriz eginiko adierazpenekin eta bertan aipatzen da Korporazioari beste bilera eskaera bat egin diola.

Elkarte horiek eginiko adierazpen eta aldarrikapenen aurrean, MONDRAGONen Kongresuko Batzorde Iraunkorrak bere jarrera azaldu nahi du, interesatuei, kooperatibei eta iritzi publikoari horien berri eman. Ondo jakina da MONDRAGON oinarrizko Printzipio, Balio amankomun eta Misio bat partekatzen dituzten kooperatiba autonomo eta burujabeak elkartuz eraikitakoa dela, eta kooperatiba horiek beraien helburuak lortzeko, besteak beste, zenbait elkartasun- eta lankidetza-mekanismoz hornitu dutela. MONDRAGONeko kide den kooperatiba bakoitza autonomoa eta burujabea den heinean, kooperatiba bakoitza da bere kudeaketaren erantzulea eta bakoitzari dagokio enpresa ahalik eta modurik eragingarrienean garatzea. Erantzukizun hori ezin da beste inoren esku utzi.

Beraz, kooperatiba bakoitza da bete-betean bere erabaki enpresarial zein instituzionalen erantzulea, eta bere etorkizunaren jabea. Testuinguru horretan, MONDRAGONi dagokiona da negozio berriak sustatzeko eta zailtasunean diharduten kooperatibei laguntzeko, bereziki, zuzendutako elkartasun eta kooperatiben arteko lankidetza mekanismo multzoa kudeatzea. Zailtasunetan diharduten kooperatibei zuzendutako laguntzari dagokionez, proiektu bat azkenean bideragarria ez bada, kooperatiba guztiek, berriro ere elkartasunez jokatuz, erasandako bazkideentzat enpleguaren irtenbidea bilatzen dute.

Kooperatiba bat elkartasun horren onuradun izatea ez da, inondik inora, bere etorkizunerako bideragarritasun bermea, ezta mugarik gabeko elkartasunerako eskubidea ere; eta, jakina, ez du eskuz aldatzen hartutako erabakien erantzukizuna, erabakia bata zein bestea izan, beti baita kooperatiba bakoitzaren organoena.  Azken aldiotan, MONDRAGONen erakundeek eta beste zenbait kooperatibek, batez ere Fagor Taldekoak, elkartasun garrantzitsua agertu izan diete Edesa eta Fagor Etxetresna Elektrikoei, eta historiako mailarik gorenean erabili izan dute lankidetzarako tresnak, baita egin daitekeenaren mugara iritsi ere, plantillako soberakina birkokapenen bidez lasaituz, emaitzetan elkartasunez jokatuz, edo fondo korporatiboetatik ohiko eta ezohiko ekarpenak eginez.

Hori guztia bere egoera ekonomikoaren ondorio negatiboak murrizteko asmoz. Fondo berriak aplikatzen  jarraitzea ezinezkoa izan zen arte. Horregatik, ez dauka zentzurik MONDRAGONera jotzea erantzule bila, kooperatiben  jarraitutasunaren gaineko erabakiaren erantzukizuna erabakia hartu zutenei baitagokie, ezta bazkideak indibidualki bere kooperatibari eginiko ekarpenaren zenbatekoen itzulera MONDRAGONen erakundeei eskatzea ere, alegia, MONDRAGONek administratzen dituen fondoen hornitzaileak diren kooperatiba kideei eta konkurtsoko sozietateen hartzekodun nagusiak direnei.

Tamalez ez dira kasu bakarrak izan, gure historian atea itxi behar izan duten beste kooperatiba batzuk ere izan baitira. Horietan guztietan ere izan dira elkartasun jokaerak gainerako kooperatiben aldetik, eta kasu guztietan jarri dute arriskuan bazkideek eta baita hartzekodunek ere beraien ondare ekarpena. Bazkide guztiok dakigu gure kooperatibetako jabe izateak dakartzan arriskuak eta abantailak. Dena dela, enpleguari irtenbidea ematea da MONDRAGONen kooperatiben borondatea eta lehentasuna. Eta horretan dihardute buru-belarri.

Horregatik guztiagatik, Kongresuko Batzorde Iraunkorretik adierazten dugu MONDRAGONek, kooperatiben borondatezko elkartea den heinean, ezin duela inondik inora aipatutako elkarteen aldetik eginiko eskaerak artatu, MONDRAGONen izaera eta errealitatetik at dauden eskaerak direlako eta horretarako eskuduntzarik ez dituelako.

Azkenik, erabaki hau irmoa eta behin betikoa dela adierazi nahi dizuegu, eta horrela, bada, MONDRAGON Korporazioari dagokionez, gai hori amaitutzat jotzen dugu".

MONDRAGONen Kongresuko Batzorde Iraunkorra

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak