Hasi da mugimendua Fagor Garagartzan

Ubane Madera 2014ko ira. 24a, 17:50

Urtebetez itxita izan ostean, Fagor Garagartzak atzera ere zabaldu du sarrerako hesia, langileei sartzen uzteko. Mantentze-lanetakoak dira gaur bertaratu direnak, lantegiko makinen egoera ikuskatzeko; garbiketa sakona ere egin dute Ausolanekoek, urrian ahalik eta lasterren Fagorren produkzioa berreskuratzeko.

Izan ere, oraindik ezin dira produkzioarekin hasi, harik eta kooperatiba ohiaren aktiboen eskualdaketa egin arte. Fagorreko iturriek Goienari aurreratutakoaren arabera, datorren astean gauzatuko da hori, eta hortik aurrera, CNAk bidea libre izango du Fagorren produkzioa abiarazteko, Garagartza Electrodomesticos SL izena erabilita.

Puntuan jartzeko

Edozelan ere, eta kontuan hartuta urtebetez lantegia itxita eta geldi egon dela, konkurtso administratzaileak baimena eman die Fagor Etxetresnen jabe berriei hasierako lan horiek egiteko, fabrika puntuan jarri eta urrian produzitzen hasteko.



Hori horrela, CNA-Catako ugazabek uztailaren amaieran iragarritako epeak betetzen dabiltza, aste pare baten aldearekin. Horrek esan gura du, guztia ondo bidean urrian bertan abiaraziko dutela Garagartzako produkzioa, eta haren ostean Eskoriatzako fabrikakoa. Horren adierazle da katalanak hemengo fabriketako katean lan egiteko langileak elkarrizketatzen dabiltzala, Goienak jakin duenez.

Fagor dagoeneko sukaldean

Fagor San Andresen ere hainbat bulego martxan dira; horiek uztailaren amaiera-abuztuaren hasieraz geroztik. Pertsonal kontuenak, hornitzaileenak, bezeroenak eta aldez aurretik landu beharrekoen ardura dutenenak, hain justu.

Eta bezeroak aipatzen hasita, detailetxo bat: dagoeneko Fagor hasi da atzera ere etxetresnen esparrua berreskuratzen. Adibide bat: Argiñanoren sukaldea berriro ere da Fagor.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak