Erreferenduma Eskozian

Erabakitzeko eskubidearen alde, elkarlanerako deia egin dute Debagoieneko EH Bildukoek

Eskoziako erreferendumaren atarian, Debagoieneko EH Bilduk, erabakitzeko eskubidearen alde dauden guztiei deia egin die elkarlanerako. Horrez gain, bihar bailarako herrietan egingo diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte debagoiendarrak.

Debagoieneko EH Bilduk esan du “orain eta hemen erabakitzeko momentua” iritsi dela. Gainera, lurraldetasunari buruz bakarrik ez, beste hainbat arlori buruz ere zeresana badela azpimarratu dute. Besteak beste, ekonomia, babes soziala, hezkuntza, hizkuntza eta gorputza ere aipatu dituzte. Hori lortzeko, “hemen erabaki” lelopean, elkarlanerako deia zabaldu dute: “gaur gonbidapen bat egin nahi diegu erabakitzeko eskubidearen alde dauden guztiei, alderdikeriak utzi, guztion arteko elkarlanean sakondu eta gure bidea egitea, euskal bidea egitea”.

Bihar erabakiko dute eskoziarrek euren etorkizuna nolakoa izatea nahi duten, eta EH Bilduren ustez, aukera hori izatea, irabaztea da dagoeneko. “Eskoziarrek irabazi dute, eskoziar guztiek, baiezko eta ezezkoa bozkatuko dutenek, erabakia beraien eskuan izango dutelako” esan du Maider Otamendi Debagoieneko EH Bilduko koordinatzaile taldeko kideak.

Biharko, hainbat ekimen

Koordinatzaile taldeak adierazi duenez, “erabakitzeko eskubidea aldarrikapen izatetik errealitate izateko bidea egiten ari da Europan”, eta Euskal Herrian ere, horretarako borondatea badela diote. Horregatik, ostegunerako, festa eta aldarrikapena uztartuko dituzten ekimenak prestatu dituzte. Azaldu dutenez, batetik, “eskoziarrei babesa ematea” da helburua, baina “aldarrikapena ahaztu gabe”. Izan ere, Otamendiren hitzetan, “Estatu Espainiar eta Frantsesak herritarren hitza eta erabakia bahituta dauzkate” eta horri aurre egiteko, “oztopoz betetako bidea” egin beharko da.

Gauzak horrela, ostegunean herriz herri “ekimen koloretsu eta jendetsuak” egingo dituztela azaldu dute EH Bilduko kideek. Antzuolan, Arrasaten, Eskoriatzan eta Aretxabaletan 19:00etan izango dira ekimenak, eta Bergaran, berriz, 19:30ean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.