Bergara eta Zumarragako Ertzain-Etxeek "kudeaketa partekatua" egingo dute

Ertzaintzak komisariak batuko ditu "kudeaketa partekatuaren" bidez, "hiritarren babesera eta ikerketara baliabide gehiago" bideratzeko. Honenbestez, Zumarraga eta Bergarako komisariek, eta Beasain eta Tolosakoek bat egingo dute.

Eredua dagoeneko indarrean dago Zarautz eta Azkoitiko komisariak Urola-Kostakoan bat eginez. Herrizaingo saileko buruek hedabideen aurrean eman dituzte berrikuntzen gaineko azalpenak gaur. Asmoa da "bikoiztuta dauden egitura burokratikoak arintzea", hiritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko.

Ertzain-Etxeen kudeaketa partekatuaren eredu honekin, Gipuzkoan 11 komisaria egongo dira, orain arte bezala, baina herritarrengandik gertuago egongo dira ertzainak. Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 25 komisaria daude.

Bergara-Zumarraga: 263 ertzain

Bergara-Zumarragako gunean, Deba-Urola izenekoan, 263 ertzain egongo dira eta 14 udalerriri emango die zerbitzua, hau da, 94.000 biztanleri.

Estefania Beltran de Heredia sailburuak adierazi du gaur egungo 25 komisariako sareari eustea dela helburua. Era berean, Ertzaintzaren antolaketa "egoera politiko, ekonomiko eta sozial berrira" egokitu nahi dutela, hiru ardatz kontuan izanda: hiritarren segurtasuna, ikerkuntza eta informazioa, eta kudeaketa modu berriak. Hortik, Ertzain-Etxeen kudeaketa partekatuarena. "Gertutasuna, konfiantza, lidergoa eta talde lana" izango dira, honenbestez, Ertzaintza berriaren balioak.

Ertzaina gertukoago

Honela, ertzainen presentzia herrietan areagotu nahi du Herrizaingo sailak. Era berean, arrisku egoeretan erantzuteko ertzain gehiago bideratzeko baliabideak jarri; ikerkuntzarako uniformatu bareko ertzain gehiago bideratu eta 24 orduetan herritarren zerbitzura egoteko aukera eskaini.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.