Gizakiak ustiatutako tresneria eta animalia aztarnak aurkitu dituzte

Irati Goitia 2014ko uzt. 7a, 17:00
Joan den astean Lezetxikin aurkitutako piezetako batzuk. (Argazkia: Maria Jose Iriarte).

"Oso pozik gaude, ondo hasi dugu-eta kanpaina", adierazi du Lezetxikin lanean dabilen eta Ikerbasquen ikerkuntzako irakasle den Maria Jose Iriartek. Izan ere, joan den astelehenean ekin zioten aurtengo kanpainari eta lehen astean aurkikuntza "interesgarriak" egin dituzte. Esaterako, aurkitu dituzte: paleolitiko garaiko tresnak eta hartz eta basurde aztarnak.

Aurten eta iaz industen dabiltzan mailan gizakiaren presentzia handiagoa da, adituaren arabera.  Hain zuzen, gizakiak erabilitako tresneria aurkitu dute. "Aurkitu ditugun tresneria piezak ertza lantzen zitzaien harriak dira, beharrizanaren arabera landuak. Batzuek ertz zorrotzagoa izan dezakete haragia edo material organikoa mozteko, adibidez. Bat halakoa da, besteak ez."

Datazio zehatzik ez duten arren, orain dela 160.000 urte inguruko piezak direla zehaztu du Iriartek. "Ez dauzkagu zehaztasunez datatuta, baina kronologia nahiko frogagarria da. Zaharragoak ere izan daitezke", zehaztu du.  

Hartz eta basurde aztarnak

Bestalde, animalia arrastoak ere aurkitu dituzte. "Fauna oso interesgarria irteten ari da, adibidez; hartz eta basurde aztarnak. Hortzak eta eskeletoko beste hezur batzuk aurkitu ditugu. Ez zaigu animalia osorik azaldu. Aurkitu ditugunek gizakiaren ustiapen markak dituzte". Materialarekin inbentarioa egin eta gorde egingo dute azterketak egiteko.

Uztailaren 19ra bitarte izango dira Lezetxikin indusketa lanetan eta material gehiago aurkitzeko esperantza dutela adierazi du Iriartek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak