ATLETISMOA Helmugako zuzenean jo eta Imanol Cruz garaile Oñatiko Herri Lasterketan

Julen Iriondo 2014ko eka. 21a, 22:18

Buruz buruko lehia polita izan zuen azken zatian Antonio Casadorekin. Lasterketa izugarria egin zuten beste biak izan ziren Alberto Revuelta eta Sergio Gartzia –etxekoa–, hirugarren eta laugarren, atzetik aurrera etorrita.

[ARGAZKI GALERIA]

Ikuskizun polita eskaini zuten zapatu arratsaldean Oñatiko XII. Herri Lasterketan parte hartu zuten korrikalariek. Egunaren ezaugarriek ere eraginda, neurria ondo hartu beharreko lasterketa izan zen, eta horrek ekarri zuen aurrera-atzera nahikotxo ikusi izana ibilbideak zituen 10.000 metroetan.

Bizi egin zuten korrikalariek lehen zatia, eta aurreneko bi sailkatuak hasieratik aurrealdean ibili baziren ere, beste batzuek nahiago izan zuten lasaiago hasi eta atzetik aurrera egin, eta izan ziren, faboritoen artean, hasieran buruan joan baina itzuliak pasa ahala atzeratzen joan zirenak.

Horietako bat izan zen iazko bigarrena, David Gartzia durangarra; bosgarren itzulira arte –zortzi ziren– onenekin, baina ezin jarraitu gero: "Kilometroak pasa ahala esfortzua igarri egiten zen, eta bero ere egiten zuen; lasterketa polita da, baina gogorra"; pozik zegoen, hala ere, egindako lanarekin.

Sergio Gartzia, ikaragarri

Kontrakoa izan zen Alberto Revuelta elgoibartarrak egindako bidea. Lehen itzulietan sei lagun ere bazituen aurretik –aipatutakoak eta Oier Ariznabarreta durangarra, Kike Sebastian dulantziarra eta Unai Arroyo tolosarra–, baina poliki-poliki aurrera egin zuen, bosgarren itzulian aurrekoak harrapatzera arte. Tarte txiki bat galdu zuen, ordea, lehen biekin, eta hortxe mantendu zen amaierara arte, bost segundo ingurura.

Lasterketa ikaragarria egin zuen bestea etxekoa izan zen, Sergio Gartzia; are atzeragotik joan zen postuak irabazten, zazpigarren itzulian David Gartzia bera pasatzeraino: "Iaz oso azkar hasi nintzen, eta ordaindu egin nuen; aurten alderantziz jokatzea erabaki dut"; ez omen zuen espero, hala ere, lortutako postua. "Oso indartsu" bukatu zuen.

Irabazteko lehian, aurretik saiatu zen Casado antsoaindarra Cruz donostiarra uzten, amaieran hura bizkorragoa zela jakitun; ez zuen lortu ordea, eta kale Barrian behera bete egin zen espero zitekeena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak