Guillermo Irazoki: "Enpresa batendako oso inportantea bada teknologia, Ikerlanekin lan egin dezake"

Eneko Azkarate 2014ko eka. 20a, 10:30

Guillermo Irazokik (Bera, 1956) 1982a ezkero dihardu Ikerlanen. Erakundeak 40 urte betetzen dituela-eta jo dugu harengana.

Guillermo Irazokik Eibarren eta Donostian egin zituen Ingeniaritza ikasketak, baina bukatu eta berehala hasi zen Arrasaten, lehenbizi, bekadun. Hortaz, Ikerlanen eman du lan bizitza osoa eta arlo guztiak ezagutu ditu. Marketinean dihardu orain, zuzendaria da.

40 urte bete ditu Ikerlanek. Ezaguna da gizartean Ikerlan?
Enpresan, administrazioan eta Debagoieneko gizartean ezaguna da. Egia da, halere, ez dugula inbertitu komunikazioan, ez bada, gure alorrean.

Gizarteari Ikerlanek egiten dion onura nabarmena da, halere?
Bai. Izan ere, batzuetan, ez da gure izena ateratzen, baina berrikuntza eta ikerkuntzari buruz badihardugu Euskal Herrian, Ikerlanen eragina agerikoa da. Gure bezeroen proiektuak, zerbitzuak edo produktuak, askotan, ezagunak dira gizartean, baina gu geu, ez horrenbeste.

Adibide pare bat aipatzerik?
Orona da gure bezero garrantzitsuenetakoa eta harremanak ditugu aspalditik haiekin. Horrez gainera, erreferente da Espainian igogailuen sektorean. Bada, Ikerlanetik urtero saiatzen gara berrikuntzaren bat aplikatzen igogailu horietan. Azkena, energia aurreztearekin lotutakoa. Motorraren ordez, generadore bat erabiltzen dugu energia sortzeko eta bateria baten sartzen dugu. Edo energia trifasikoaren ordez, etxeko konexioarekin erabil dezakegu gaur egun igogailua. Beste adibide bat da CAF tren konpainia. 2002a ezkero dihardugu haiekin. Sistema elektronikoa garatu dugu eta negozio berria sortu dugu trenendako sistema elektroniko aurreratuak saltzeko. Tranbiak katenariarik barik erabiltzeko moduan garatu ditugu… Bestalde, Lau Lagun enpresarekin ere harremanak ditugu. Haize-sorgailuendako makineria egiten du enpresa horrek eta haren bezero nagusia Gamesa da. Enpresak garbi badauka zer eta zeinekin egin nahi duen lan eta harendako teknologia inportantea bada, gurekin lan egin dezake.

Zerekin lotzen da Ikerlan marka?
Oso lotua dago bi esparrurekin: batetik, ahalmen handia daukagu hainbat teknologia integratzeko eta, horrekin, enpresei soluzioak eskaintzeko; bestetik, inbertsioa oso ardaztuta daukagu teknologia konkretuetara, eta horiek enpresekin batera zehaztuta daude. Oso praktikoak gara eta enpresen benetako beharrei erantzuten diegu. Hori da gure bereizgarria. Bestetik, tesiak egiten ditugu. Ikerlariek egiten dituzte, eta tesi horiekin komunikazio handiak egiten ditugu kongresuetan edo aldizkari espezializatuetan. Horrek ere ematen digu ospea. Gure ezagutzaren transferentzia hor dago; baina, bestetik, adierazleak ere bai, markatzen dutenak ze egoeratan gauden Europako beste ikerkuntza zentro batzuekiko.

Europako ze herri dira Ikerlanendako erreferentzia?
Alemania, Ingalaterra, Suedia, Finlandia, Frantzia… Azken finean, ikerketarako inbertsiorik handienak egiten dituzten herrietako enpresak. Haiekin batera jarduten dugu hainbatean, gainera. Ikerketarako inbertsioak gobernuek egiten dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoa ze mailatan dago?
Europako herrialdeen artean, erdi inguruan, eta Espainiaren gainetik. Inbidiaz begiratzen dute gure egoera Espainian.

Ze sektoretan dihardu Ikerlanek?
Azken urteotan garrantzi handia eman diogu energia berriztagarrien alorrari, batik bat; energia eolikoari, esaterako. Baina fabrikazio prozesuetan energia zela sortu edo aurreztu ere oso garrantzitsua da guretako. Esaterako, Urola Solutions enpresarekin dihardugu, makina eraginkor eta efizienteagoak sortzeko. Fabrikazioko alorrean, makina erremintaren sektorean ere bai. Eta gero, automobilgintzan, osasunean… Azken honetarako, Garaian daukagu ikerketa gune bat. Etorkizuna da.

CAF, Orona, Fagor Arrasate, Aernova… zuen bezero garrantzitsuak dira eta guztiak ere erreferentziazkoak dira euskal industrian.
Bai, gure aliatuak dira eta horregatik gonbidatu ditugu gure 40. urteurreneko ekitaldietara. Berrikuntzarekin oso lotuak daude eta traktore dira euskal industriarendako.

Krisi honek erakutsi digu ikerkuntza eta berrikuntzari baliabide gehiago eskaintzen dioten enpresak direla ondoen doazenak?
Hein baten bai. Gutxienez, zure lehiakideen parean bazaude errazago joango zaizkizu gauzak, ezeren berme ez izan arren, faktore asko hartu behar direlako kontuan.

Ze adierazten du IK4 aurrizkiak?
Aliantza bat. Euskal ikerkuntza zentro ezberdinen autonomia bultzatzen du, baina, hainbatean, komeni da elkarrekin jardutea, estrategiak konpartitzea, erabakiak konpartitzea… Bezeroak soluzio integralak eskatzen dituenean IK4ko kide ezberdinen artean osatzen dugu eskaintza. Bestetik, ikerketa batzuek tamaina handia eskatzen dizute eta elkartuz tamaina egokian lehia gaitezke.

Non daude IK4-Ikerlanen bezero nagusiak?
Gehienak, Euskal Herrian, baina kanpoan ere baditugu. Esaterako, gure bosgarren bezerorik onena da Altsom, energia sortzeko azpiegituretan liderra dena. Bestela, CAF eta Orona dira gure bezerorik onenak.

MUko Ikerkuntza errektore ordea izana zara eta Ikerlanek lotura agerikoak ditu MUrekin, baina bestela ere harreman estuak gauzkazue hezkuntzarekin?
Bai. Edozein unibertsitaterekin, izan hemengoak edo kanpokoak, jarduteko bokazioa daukagu. Bilatzen ditugu elektronikaren edo energiaren alorrean dabiltzan eta erreferente diren unibertsitateak. Hainbat proiektutara elkarrekin aurkezten gara. Bestalde, gure tesiak unibertsitateetan garatzen saiatzen gara, kanpokoetan. Edo ikasleak gurera ere etortzen dira.

Zertan aldatu da 40 urteotan Ikerlan?
Europako proiektuetan parte hartzen hastea izan zen mugarri bat, 80ko hamarkada hasieran. Aurten, adibidez, 16 proiektutan ari gara lanean eta geuk gidatu ditugu horietako lau. Bestetik, enpresekin harremanak ere asko aldatu dira. Hasieran, enpresek ez zuten Ikerkuntza eta Garapeneko departamenturik. Euskal gobernuak zentro teknologikoak bultzatzea ere beste mugarri bat zian zen. Azkeneko 10 urteotan, bestalde, ikerketa mailan asko inbertitu dugu: tesietan, harremanetan… Gero, IK4 aliantza ere nabarmentzekoa da.

Krisiak zela eragin du zuengan?
Enpresak txarto badoaz, guk ere igartzen dugu zerbait. Enpresa guztiek krisia igarri ez duten arren, igarri dutenen artean ikerketako poltsatik aurreztea erabaki dutenak badira, oso epe laburreko helburuekin dabiltzalako. Ikerlanen, 2011tik aurrera igarri dugu krisia, batik bat. Hobekuntza zantzuak ikusten dira, baina…

Zer da IK4-Ikerlan gaur egun? Datu batzuk emango dizkiguzu?
250 langileko kooperatiba da eta 210 lan bazkideak gara. Lau lan zentro dauzkagu: Olandixokoa da egoitza nagusia; beste laborategi bat daukagu, energiekin lotutakoa, Miñaon; beste bat, mikro-teknologiekin lotutakoa, Garaian, eta aurten, Oronarekin batera, Galarretako eraikin berrira joatekotan gara. Bestetik, 90 bezero izan genituen iaz eta diru sarrerak 18,6 milioi eurokoak izan ziren; horietatik 11 enpresetatik etorri ziren. Gure sarreren %40 erakunde publikoek ikerkuntzari eskaintzen dieten baliabideetatik datoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak