Ekiten ekintzailetza-programako enpresa-proiektu onenen sariak banatu ditu MUk

Ikasleengan ekintzailetzaren kultura txertatzea du helburu lehiaketak, eta baita ikasleek euren enpresak sortzea eta negozio berriak abian jartzea ere. Urtez urte indartuz doa: VIII. edizioa izan da aurtengoa eta, guztira, Mondragon Unibertsitateko 213 ikaslek eta unibertsitate latinoamerikarretako 46 ikaslek hartu dute parte. Goizean egin dute sari banaketa ekitaldia.

Lehiaketak bi kategoria ditu: Enpresa Ideia Berrien kategoria (Gaztenpresak babestu du), eta Landa Ingurunea Garatzeko ideia eta proiektuen kategoria (Debagoieneko eta Debabarreneko Landa Garapeneko agentziek babestuta); biak Mondragon Unibertsitateko ikasleei daude zuzenduta. Bi horiez gain, beste kategoria bat ere izan da edizio honetan, Mondragon Educacion Internacionalen Mondragon sareko unibertsitateetako ikasleei zuzendua, hau da, unibertsitate latinoamerikarretako unibertsitateetako ikasleei: UCO-Mondragon eta Unipanamericana.

Kategoria bakoitzeko talde-irabazleak 1.000 euro eskuratu ditu; eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 500 euro, talde bakoitzeko. Programako epaimahaiak proiektu bideragarrienak eta enplegu eta aberastasun gehien sortzeko gaitasuna dutenak hartu ditu aintzat irabazleak aukeratzeko orduan.

Guztira Mondragon Unibertsitateko 213 ikaslek eta unibertsitate latinoamerikarretako 46 ikaslek hartu dute parte. MUkoek 73 proiektu aurkeztu dituzte eta ikasle latinoamerikarrek 14.

Enpresa Ideia Berrien kategoria

Selfcare warable medical devices izeneko proiektuak, haurdunen erditze goiztiarrak automatikoki antzemateko gailuak, jaso du Enpresa Ideia Berrien kategoriako lehen saria. Parte-hartzaileek negozio-plan bat egin dute, emakume haurdunentzako fibronektina-detektagailuak merkaturatuko dituen enpresa sortzeko. Enpresa Berrikuntzako eta Proiektu Zuzendaritzako Unibertsitate Masterreko ikasle hauek dira irabazleak: Mirari Egaña Aranberri, Jon Prado Vidal, Alejandro Redondo Rodriguez eta Janire Villa Andres.

Bigarren saria Kiwi jatetxearen proiektuarentzat izan da. Jatetxe horretan, kontsumitutako kaloria kopuruaren arabera ordaintzen da.

Bestalde, Air Eco proiektuak hirugarren saria lortu du. Proiektuaren oinarria hauxe da: denbora errealean ultrasoinuen bidez irudiak sortzeko sistema bat asmatzea.

Kategoria horretan 163 ikaslek hartu dute parte, 52 taldetan banatuta.

Landa Garapenaren Kategoria

Kirolgoki ekimenak jaso du Landa Ingurunea Garatzeko Ideien eta Proiektuen kategoriako lehen saria, inolako kirol-instalaziorik ez duten landa-eremuetarako konponbide integrala eskaintzen duen proiektuarekin; horretarako, bezeroaren gustuetara eta beharretara moldatzen diren modulu eramangarri, modulagarri eta pertsonalizagarri batzuk eskaintzen ditu. Talde irabazleko kideak Enpresa Berrikuntzako eta Proiektu Zuzendaritzako Unibertsitateko Masterreko ikasle hauek dira: Joseba Galarraga Labaka, Jon Jauregui Carrera, Julen Malet Larrea eta Joseba Requejo Garate.

Bigarren saria Zaindaria Zainduz ekimenarentzat izan da. Landa-eremuan bizi diren adinekoen zaindarien (batez ere senitartekoen) bizi-kalitatea hobetzeko proiektua da.

Eta hirugarren saria BaOH – Baserrietara Osasuna Hurbiltzen proiektuarentzat izan da. Proiektuaren helburua da ariketa fisikoaren bidez baserritarren bizi-kalitatea hobetzea, inguru horretan garatu ohi diren patologiei aurre egiteko.

Kategoria horretan 50 ikaslek hartu dute parte, 21 proiektu aurkeztuta.

Mondragon Sareko Unibertsitateen Kategoria

Lehen sariaren proiektu irabazlea APSI Consultoria Agricola izenekoa da. Saridunak UCO-Mondragoneko (Mexiko-Queretaro) Nazioarteko Negozioetako ikasle hauek dira: Viridiana Plaza Martinez, Jennifer Escobar Aguirre, Mª de los Angeles Jurado Mejia eta Ana Karen Resendiz Resendiz. Proiektuaren helburua da Queretaro estatuan sagar-ekoizleen elkarteentzako outsourcing-aholkularitza abian jartzea. Horrela, proiektuak Queretaroko mendialdean ongizatea sustatuko luke, sagar-ekoizleei administrazio-, merkatu- eta lege-tresnak eskainiz.

Bigarren saria arbasoen jakiei buruzko Maloka proiektuarentzat izan da.

Hirugarren saria Airway proiektuak irabazi du. Mexikoko Queretaro estatuan nekazaritza, abeltzaintza eta eraikuntza bultzatzeko teknologia berriak (adimen artifiziala) eskainiko dituen ekimena da, urrunetik gidatutako dronak (tripulaziorik gabeko aire-ibilgailuak) erabiliz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.