Beñat Rezusta: "Bazen garaia bi atzelari finalean ikusteko"

Xabier Urtzelai 2014ko eka. 13a, 18:33
Beñat Rezusta pilotari bergararra, udal pilotalekuan.
Aspaldian ez moduan, bi atzelariren artean dago buruz buruko txapela jokoan, promesen mailako sari handiena. Izan ere, domekan (17:00) Beotibarko finala irabazten duenak datorren urterako sari ederra izango du, lehenengo mailako buruz burukoa jokatzeko eskubidea. Eta, Beñat Rezusta bergararrak beretako nahi du irabazi eskubide hori; profesionaletan egin duen lehenengo urtea borobiltzeko modua izango litzateke.

"Ondo nago, finala jokatzeko irrikan", adierazi du aste barruan. Finalerdia jokatu zuenetik ez da zuriz jantzi, baina ondo entrenatu da: "Aspaldian eskuetatik ondo nabil. Akaso, finalerdia eta gero beste partidu bat jokatzea ondo etorriko litzaidake, baina Bergarako jaietakoa, esaterako, finaletik gertuegi zegoen. Ondo entrenatzeko aprobetxatu dugu denbora tarte hau".

Azken entrenamenduetan zeri eman dion garrantzia ere azaldu du: "Ibai Zabala eta biok atzelariak gara, eta badirudi aurrelariok baino tanto landuagoak jokatu behar ditugula, pilotakada gehiagokoak. Gauza bat da partidu aurretik zer entrenatzen dugun, eta beste bat partiduan zer irteten den. Baina, esaterako, sake-errematea entrenatzen ibili naiz, eta airetik ere min eman dezakedala uste dut. Gero, baina, ikusi egin behar partiduan zer egiten dugun".

Kontrarioaz "harrituta" 

Rezustak bertatik bertara jarraitu zuen Ibai Zabalak eta Victorrek jokatutako finalerdia: "Harrituta geratu nintzen. Ideiak oso garbi eraman zituen Ibai Zabalak, eta oso partidu ona egin zuen. Sakez min egin zuen, pilota ondo gurutzatu zuen hormara... Kontrario gogorra izango da". 

Partidu amaieran, gainera, finalean aurrean izango duenaz berba egiteko aprobetxatu zuen: "Komentatzen ibili ginen ordua zela bi atzelari finalean ikusteko. Oraingoa bigarren mailako finala izango da, baina ea lehenbailehen ikusten dugun halako final bat, baina lehenengo mailan".  

Bergarakoak, seguru, zale mordoa eramango ditu etzi Tolosara, gustuko duen frontoira: "Frontoi ona da hura, eta asko entrenatu naiz bertan. Ez daukat inongo aitzakiarik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak