Bergarako abesbatzaren emanaldiak itxiko du Benito Lertxundiri Urrezko Domina emateko ekitaldia

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 12a, 09:54
Benito Lertxundi kantagile oriotarrak Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Urrezko Domina jasoko du gaur. Horrekin batera, Urrezko Plakak ere banatuko dituzte: Beroarentzat –Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea– eta frankismoaren garaiko Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zituzten emakumeentzat izango dira horiek. 18:30ean izango da ekitaldia, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Martin Garitano diputatu nagusia eta Foru Aldundiko Gobernuko ordezkaritza zabala izango dira ekitaldian, omenduei babesa ematen, eta Gipuzkoako zenbait ordezkari politiko ere gonbidatuta daude omenaldian parte hartzera.

Ekitaldiaren xehetasunak

Dantzaldi batek abiaraziko du ekitaldia eta, ondoren, Oreka TX taldearen doinuekin batera, omenduei oroigarriak banatuko dizkiete: Benito Lertxundi kantari eta konpositoreari, Urrezko Domina; eta Beroa harrera familiei eta TOP auzitegi frankistak espetxeratutako emakumeei, Urrezko Plaka bana.

Urrezko Plakak jasoko dituzten bi kolektiboetako ordezkariek hartuko dute hitza lehenengo, eta Benito Lertxundik gero. Horrekin batera, bere ibilbidea laburtzen duen ikus-entzunezko bat proiektatuko da. Ondoren, Martin Garitanok omendu guztiei eskerrak emango dizkie eta Bergarako abesbatzaren emanaldiak itxiko du ekitaldia.

Urrezko Domina

"Orioko Bardoa ezizenez ezaguna den Benito Lertxundi (Orio, 1942) kantariaren ibilbide artistikoa luzea eta emankorra da eta, kantuen bidez, mezu poetikoak eta, aldi berean, politikoak bidaltzen zizkion errepresioaren menpean zegoen euskal gizarteari. Ez Dok Amairu kultur mugimendu garrantzitsuaren kideetako bat izan zen, eta euskaldunon ehunka gertaera eta bizipen sinbolikoen soinu banda ere jarri izan du Benito Lertxundik", adierazi dute foru ordezkariek.

Bada, haren ibilbide oparoarengatik –17 grabazio eta ehunka kontzertu eman ditu urteotan– eta euskal kulturari egin dion ekarpenarengatik, Urrezko Domina emango dio Foru Aldundiak.

Urrezko Plakak

Bi Urrezko Plaka emango ditu Foru Aldundiak, eta horietako bat frankismoaren garaiko auzitegiak espetxeratutako emakumeek jasoko dute.

"1963 eta 1977 urteen artean, erregimen frankistaren zerbitzura egon zen Ordena Publikoaren Auzitegia, TOP izenarekin ezaguna. Errepresio bortitza eta biolentzia ikaragarria noiznahi eta neurri gabe erabili zituen auzitegi horrek erregimen diktatorialari men egiten ez zion edonoren kontra, frankismoak ezarri nahi zuen eredu matxista eta pentsamendu bakarrekoari aurre egiten saiatu zen edonoren kontra", azaldu dute Diputaziotik.

Horri gehitu diote errepublikarrak, sindikalistak, alderdi politikoetako kideak, gizonezkoak eta emakumezkoak, denak izan zirela auzitegi haren biktimak, baina emakumezkoek "eraso bikoitzak" jasan zituztela eta "injustizia hura inoiz ez ahazteko" emango zaiela emakume horiei Urrezko Plaka.

Ez dago emakume horiek guztiak hartzen dituen erregistroa eskuratzerik eta, horregatik, gaurko ekitaldia emakume guzti horien omenezkoa izango dela azaldu dute, gonbidapena jaso edo ez.

Beste Urrezko Plaka Beroak, Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak, jasoko du: "1999tik gaur egun arte, harrera familiak laguntzen eta erakunde publikoen aurrean baldintza eta araudi egokiak lortzeko lanean aritu da Beroa. Horretaz gain, harrera familien lanak gizarte justu bat eraikitzeko duen garrantziaz sentsibilizatzen ere buru belarri aritu da elkarte hori. Egoera latzak bizi izan dituzten umeei eta nerabeei aterpea, heziketa eta maitasuna eskaintzen dizkie. Horregatik, egin duten eta egiten ari diren lanarengatik, Gipuzkoako gizarteari egiten dioten ekarpenarengatik, Urrezko Plaka jasoko dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak