"Herri kirolak mugimendua eta erritmoa dauka, eta inspirazio iturri izan ditugu"

Ane Elordi 2014ko mai. 30a, 15:11
Dantza Konpainiak eta Kalakan hirukoteak bat egin dute Herritmo proiektuan. Dantza, kantua, musika eta herri kirolak uztartzen dituen ikuskizuna da; domekan Arrasateko Amaia antzokian egingo dute emanaldia, 20:00etan. Sarrerak 12 eurotan salduko dira Arrasate-mondragon.net Internet atarian edota antzokiko leihatilan.

Harkaitz Martinez de San Vicente (Oreka Tx taldeko kidea)

Ikuskizun berritzailea da.

Ez da ohikoa mota honetako ikuskizunak ikustea. Batez ere, diziplina aldetik hain desberdinak diren lau diziplina batzea taula gainean: musika, dantza, kantua eta herri kirolak. Hala ere, ez da mota horretako lehen proiektua; izan ere, Kukai, Amaren Alabak eta Oreka TX taldeek elkarlanean egin zuten Hostoak lana, eta esperientzia iturri baliagarria izan da proiektuari talde dinamikan eusteko.

Zein da berrikuntza handiena?

Herri kirolak egiten du esanguratsu ikuskizuna; zuzenean ikusteko aukera dago, baina inspirazio iturri ere izan da sortze-prozesuan, eta horrek egiten du berezi. Herritmok bateratu nahi izan ditu Euskal Herriko kantu, musika, dantza eta kirolen erritmo desberdinak.

Zaila izan da diziplina guztiak bateratzea?

Zaila izan da. Batez ere, espazioei begira; antzokiak ez daude egokituta herri kiroletarako, ezta frontoiak musikara ere. Hala ere, buelta bat eman eta antzokiek eskaintzen dituzten erraztasunak aprobetxatu ditugu, ikus-entzunezkoez baliatu eta herri kirolari moldatu. Elkarlana aberasgarria izan da; herri kirolak dauka mugimendua eta erritmoa, eta inspirazio iturri izan ditugu.

Hansel Cereza eskarmentu handiko artista multidiziplinarra izan duzue bidelagun.

Herri kirola hurbilekoa izan dugu beti, baina zuzendaritza artistikoa kanpotik ekartzea erabaki dugu; gure ustez, lau diziplina tradizionalek kanpoko ikuspuntu bat behar zutelako. Horretarako, Hansel Cereza katalana aritu da proiektua lantzen, bi hilabete eman zituen gurekin lanean. Nire ustez, kanpoko begirada horrek beste aberastasun bat eman dio lanari.

Ibilbide luzeko taldeak batuta.

Nork bere aldetik bide luzea egin du. Baina guztiontzat izan da polita tarte bat hartzea horrelako proiektu bat egiteko. Bakoitzaren egunerokotasuna haustu, eta elkarlanean aritzeak proiektua aberasgarria egiten du.

Sei hilabeteko biraren ondoren, ikusleek zer-nolako iritziak helarazi dizkizuete?

Denetariko inpresioak jaso ditugu, baina indarra, energia eta arriskua  transmititu izana azpimarratu dute gehienek. Hori da taula gainean nabarmendu nahi genuena; elkarlan bateratua eta osagarria erakutsi nahi genuen, eta lortu dugula esan daiteke.

Ikuskizun ikusterraza da, aukera eta barietate asko dagoelako. Ondorioz, publiko guztiei zuzendutako lana da. Taldeen esentzia ikuskizunean presente dago, eta elkarrekin sortutako lanean ere uztartuta dago bakoitzaren nortasuna. Talde bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina elkarlanean aritzeko elkarri entzun behar izan diogu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak