Arrasate, kulturen topaleku

Imanol Beloki Unamuno 2014ko mai. 30a, 12:36
Kiko Veneno Mundumiran izango da bigarrenez
2005. urtean abiatu zen herrira, Arrasatera, itzuliko da Mundumira jaialdia asteburuan, Debagoieneko herri guztietatik itzulia egin eta urtebeteko geldialdiaren ostean. Debagoieneko Mankomunitatea, Arrasateko Udala, Sua Argitaletxea eta GinMusica ekoiztetxea dira antolatzaile nagusiak, modu batera edo bestera lagundu duten askotariko erakundeen, enpresa pribatuen, GKEen eta elkarteen laguntzarekin.

Gastronomia, artisautza, askotariko tailerrak eta hitzaldiak, mendi ibilaldiak, musika emanaldiak eta beste hainbat batuko ditu aurtengo edizioak ere. Arrasate izango da jaialdiaren kokaleku nagusi, baina inguruko mendi eta herrietaraino ere helduko dira Mundumiraren atzaparrak. Hona hemen, gunez gune, gaur hasi eta domeka bitartean izango diren ekitaldien eta protagonisten gaineko azalpenak.

  • Herriko plaza

           -EKOFERIA: Produktu ekologikoak, birziklapena, energia berriztagarriak, garraiatzeko aukera       garbiak; horiek, besteak beste, Ekoferiak batuko dituen ideia nagusiak. Horretarako, bada, bertako eta kanpoko enpresen stand-ak izango dira, non bakoitzak bere ibilbidea eta egiten duen lana erakutsiko duen.

Postuez gainera, tailerrak eta hitzaldiak ere badira Ekoferian; hitzaldiak Kulturaten izango dira eta tailerrak, berriz, Herriko Plazako gunean. Debagoieneko Zero Zabor taldearen eskutik, birziklatutako gauzekin eskulanak egiteko tailerrak izango dira zapatuan eta domekan (16:30etik 19:00etara) Herriko Plazan kokatutako haiman, eta, horrez gainera, zero zabor filosofiarekin bat datozen askotariko dokumentalak erakutsiko dituzte, zapatuan eta domekan, 13:00etatik 19:00etara. Aipatutakoez gainera, herrian zehar bizikleta martxa zapatuan eta domekarako jinkana prestatu dute Zero Zaborreko kideek.

Lleidako Xavier Rodriguez txokolategilea ere Ekoferian izango da, txokolatea nola egiten den erakusten. Zapatuan eta domekan, 13:00etatik 15:00etara, bertaratzen diren txokolatezaleek XVI. mendetik XIX. mendera arte erabiltzen zuten txokolatea egiteko teknika ezagutuko dute. 

         -GKE: Aurreko edizioetan moduan, oraingoan ere gobernuz kanpoko erakundeen proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da Mundumiran. Herriko Plazan izango dira, besteak beste, Debagoieneko honako taldeen ordezkariak: Harreman denda; AMS, Ndanka Ndanka, Zazpi Udaberri-Ekarhezitzen, Anelkar eta Tepez. Eskualdekoez gainera, Donostiatik etorritako Atisha eta Oxfam Intermon ere gurean izango dira.

Informazioaz gainera, Mundumira jaialdiaren elastiko solidarioa eskuratzeko aukera ere izango da. 18 eurotan salduko dituzte eta saldutako elastiko bakoitzarengatik hiru euro bideratuko dira eskualdeko gobernuz kanpoko hiru erakundek abian dituzten proiektuak bultzatzeko helburuarekin.

         -INFORMAZIO PUNTUA: Jaialdiaren inguruko zalantzak argitzeko eta, era berean, Debagoieneko turismo aukerak ezagutzeko  mahaia ere jarriko dute.

         -SENDERISMO AZOKA:Euskal Herriko askotariko txokoetako informazioa.  

         -AGERTOKIA: Askotariko musika estilo eta jatorritako musika emanaldiekin gozatzeko aukera izango da Herriko Plazan, agertoki handia Biterikoa bada ere. Oholtza horretan izango dira, besteak beste, Euskal Herriko Urko Menaia bakarlaria eta Arrasateko The Potes eta baita Senegalgo eta Zestoako kideak batzen dituen Family Mbolo musika taldea ere.

  • Plazatik Seber Altubera

        -ARTISAUAK: Erdiko kalean eta Iturriotz kalean batuko dituzte Euskal Herritik eta atzerritik etorritako 35 artisauren postuak. Horien artean izango dira eskualdeko artisauak ere: Antzuolako Alaitz Jauregi eta Elgetako Lorena Ibeas. Arrasateko Eskuartean elkarteko artisauak, berriz, Biteri plazan izango dira. Eskuz egindako askotariko lanak ikusi eta erosteko aukera izango da horietan; besteak beste: osagarriak eta bitxiak, esentziak, panpinak eta txotxongiloak. Aurreko edizioetan izandakoak dira artisau gehienak.

  • Seber Altube plaza

       -GASTRONOMIA AZOKA: Munduko eta bertako jakiak dastatzeko postuak izango dira gaurtik hasita. Jakien zaporeen bitartez, Mexikoraino, Alemaniaraino, Argentinaraino eta Thailandiaraino hurbiltzeko aukera izango da Seber Altube plazan. Horiez gainera, baina, bertan prestatutako krepeak, kebabak, pizzak,  patatak eta mojitoa dastatzeko bidea ere izango da.

Atzerriko jakiez gainera, taloak ere izango dira aukeran; eta bihar, zapatua, Eusko Labelen eskutik Biteri plazan bertan prestatutako okela ere bai.

  • Kulturate

        -HITZALDIAK:Askotariko gaien gaineko hitzaldiak eta mahai-inguruak batzen ditu urtero Mundumira jaialdiak, eta horrela egingo dute aurten ere; areto nagusia eta Jokin Zaitegi aretoa egokituko dituzte horietarako.

Besteak beste, Ekoferiaren bigarren gunea izango da Kulturate, beraz, Herriko Plazako gunearen osagarri; antolatutako berbaldien artean daude: Oñatiko Amaia Diaz de Monasterioguren dietistarena eta baita Goiener enpresarena ere.

Adituen hitzaldietarako gainera, hainbat komunitateren topaleku ere bihurtu gura izan dute antolatzaileek Arrasateko kultura etxea; hor izango dira Ibiltarien Komunitatea eta baita mendizale eta bidaiazaleak ere.

       -'MUNDUARI BIRA' MARRAZKI ERAKUSKETA: Debagoieneko ikastetxeetako ikasleek egindako lanak erakutsiko dituzte domeka bitartean. Toki berean banatuko dizkiete gaur, egubakoitza, irabazleei sariak.

       -'EUSKARA OSPELETIK EGUTERARA' ERAKUSKETA:al Memoria Fundazioarekin elkarlanean egindako egitasmoa da, euskararen oroimen historikoa berreskuratzeko helburuarekin. Erakusketaz gainera, izen bera duen dokumentala erakutsiko dute aurreko mendeko euskararen zapalkuntzaren ezaugarriak azalduta.

  • Bitteri plaza

       -MUNDUMIRA AGERTOKIA:Musika emanaldietarako agertoki nagusia da hori; beraz, besteak beste, aurtengo jaialdiko izarren oholtza, bada. Euskal Herriko Damba eta Betagarri taldeek estreinatuko dute gaur, gauean, eta bihar, berriz, Iñaki Plazak (EH) eta Kiko Venenok hartuko dute haien lekukoa.

Musika emanaldiek, baina, ez dute etenik, eta egun argiz ere aukera asko izango dira; besteak beste, Arrasateko Mery May igoko da taularen gainera, eta baita Joseba Irazoki ere; azken horrek haurrentzako tailer didaktikoa egingo du.

      -BIZIKLETA APARKALEKUA: Debagoieneko Zero Zabor taldearen bigarren gunea izango da Biteri plaza eta zaindutako bizikleta aparkalekua jarriko dute han, guztion erabilgarri, zapatuan eta domekan, 11:00etatik 20:00etara.

      -IBAI-ARTE HAURREN GUNEA:Arrasateko merkatari elkartearen eskutik, puzgarriak eta askotariko jolasetarako tresnak izango dira; besteak beste, Inguru abentura zirkuitua.

     -ARRASATEKO ARTISAUAK:Eskuartean elkarteko kideen lanak erosi eta ikusteko aukera izango da Biteri plazan prestatutako txokoan. Bertako artisten lanak ikusi eta erosteaz gainera, tailerretan parte hartzeko aukera izango da. Bi dira antolatu dituztenak: zapitxo tailerra (11:00-12:00) eta Globoflexia (17:00-18:00). Bihar eta domekan egingo dituzte biak.

Aipatutako tailerrez gainera, Amaia Diaz de Monasterioguren dietistak elikadurarekin lotutako bi egingo ditu.

  • Arruena parkea

       -AKANPALEKUA:Eroski ondoko berdegunean akanpatzeko aukera egongo da. Komunak jarriko dituzte.

      -AUTOKARABANEN GUNEA: Sorbeltz elkarteak autokarabanen VI. kontzentrazioa egingo du.

  • Inguruko mendietan

        -BTT ETA MENDI IRTEERAK: Bizikletan zein oinez inguruko mendiak ezagutzeko aukera.  

  • Inguruko herrietan

      -BISITA GIDATUAK: Eskualdeko ondare eta turismo eskaintza ezagutzeko aukera ere izango da asteburuan. Bailarako museoak zabalik egongo dira eta bisita gidatuak eskainiko dituzte Oñatin, Elgetan eta Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak