Doako Internet konexioa etxeetara eramateko pausoa emango dute Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko mai. 16a, 12:00
Guifi.net sare irekira konexioa egiteko interesatuek antena berezia ipini behar dute teilatuan; lanok 300 euroko inbertsioa suposatzen dute eraikin bakoitzeko, eta izenematea zabalik da.

Wi-fi gune librea da Elgetako herriko plaza. Erronka, orain, sarea etxeetara zabaltzea da. Proiektuak interesa sortzen du eta instalazioa egin duen GipuzkoaShare elkarteko Asier Garaialdek herritarrek egindako hainbat galdera erantzun zituen eguaztenean egindako batzar irekian. "Proiektua atzeratu egin da, baina Elgetako sare nagusia jarrita dago", esan zuen. "Liburutegian dagoen konexioa hartu dugu —3 Mega— eta bi supernodo ipini ditugu; udaletxean eta Pagatzako biltegian. Herriko etxebizitza gehienek dute konektatzeko aukera. Itzalgunea dugu Domingo Iturbeko kaleko atzeko aldean. Inguruko teilaturen batean beste supernodo bat ipini beharko litzateke arazo hori konpontzeko".  

Garaialdek abiadura laster hobetuko dutela adierazi zuen: "Bergaratik ekarri nahi dugu konexioa eta horrekin 10 megako gutxieneko abiadura lortuko genuke. Gertatzen da Bergarako azpiegitura publikoa erabili behar dugula, eta negoziazioetan gabiltza Bergarako Udalarekin", azaldu zuen. Garaialdek aurreikusten du konexioa posible izatea ekainean zehar. GipuzkoaShare elkarteko ordezkariak zerbitzuaren erabilgarritasunari, segurtasunari eta osasunari buruzko galderak ere erantzun zituen batzarrean.

Prezio sozialak

Proiektu sozial moduan aurkezten da Guifi.net sare librea. Zerbitzua emateak, ordea, badu kostu ekonomiko bat eta Garaialdek eskaintza zehatza aurkeztu zien elgetarrei. Udalak hilean 200 euroko kuota (BEZ kanpo) ordaindu beharko du supernodoen eta sare librearen mantenuagatik. Horrekin doako Internet zerbitzua izango dute herritarrek (gmail, youtube...). Seinalea ondo jasotzeko, baina, eraikin bakoitzak instalazioa propioa egin beharko du —antena teilatuan eta routerrak—. Prezioa da 300 euro + BEZ. Doako zerbitzuak eskainitakoa baino konexio hobea behar duten erabiltzaileek ordainpeko zerbitzua kontratatu beharko lukete. Honek aukera ematen du bestelako aplikazioak erabiltzeko —WhatsApp eta beste—. Prezioa da 10 euro hileko  (BEZ kanpo).

Udalak, orain, izena emateko epea zabalduko du, eta GipuzkoaShare elkarteak erabilera egokiari buruzko hitzaldiak deituko ditu herritarrendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak