Izeba Proiektua ezagutzeko informazio-hitzaldia, Arrasaten

Miren Mujika 2014ko mai. 20a, 17:42
Familia edo pertsona boluntarioak behar dira Izeba Proiektuaren babesa Debagoieneko adingabeei zabaltzeko. Horretarako, maiatzaren 27an, martitzena, 19:00etan, Izeba Proiektua ezagutzeko informazio-hitzaldia egongo da Arrasaten, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.

2009an, Baketik-ek Izeba proiektua abian jarri zuenean, aurrera eramateko boluntarioak eskatu zituen, bakarrik zeuden adingabeko atzerritarren osaba-izeba izan nahi zuten pertsona eta familia boluntarioen sarea osatzeko. Egun, 70 familia eta adingabe baino gehiago dira esperientzia hau bizi izan dutenak.

Debagoienean, Gipuzkoako Foru Aldundiak tutelatutako adingabeen zenbait harrera egoitza daude, eta hauetako zenbait gaztek boluntarioki Izeba Proiektuan parte hartzea eskatu dute, bertako familia batekin harreman bat hasi eta beraiekin aisialdia konpartitzeko. Hori dela eta, pertsona edo familia boluntarioak behar dituzte adingabeen osaba-izeba gisa jokatzeko.

Baketik-ek informazio-kanpaina jarriko du abian Debagoienean eta informazioa eskuratu nahi duen orok bi bide hauek ditu:

  • 943-251005 telefono-zenbakia.
  • www.izeba.org webgunea.

Izeba Proiektua

  •  Izeba Proiektua, Baketik Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Departamentuak 2009an sinatutako eta ordutik urtero berritu izan den hitzarmen baten bidez jarri zen abian. Proiektu horren ardatza tutoretzapean dauden adingabeen 'osaba-izeba' izateko prest dauden pertsona edo familia boluntarioen sarea sortzea da.
  • Harrerako osaba-izeben edo laguntza-familien irudi berri hori eratuz bilatzen den helburu nagusia gazte horiek bizi kalitatea hobetzen laguntzea da. Izeba Proiektuaren berariazko helburu nagusia adingabeko horiei familiarteko erreferentziak ematea (euskarria, maitasuna, babesa eta gertuko harreman sozialak zabaltzeko aukera eskaintzea), hala nola harreaman sozialetan laguntzea.
  •  Horrela, bizi diren Harrera Zentroaz gain, adingabeko horiek erreferentziazko familia bat izango dute iloba bati eskaintzen zaion hurbileko tratua emateko prest. Familia horien zeregina honakoa izango da: gurasoengandik urruti dagoen ilobarengatik, ikasketak direla-eta esaterako, hurbil dagoen osaba-izebak egingo lukeena.
  • Zeregin horrekin lotutako ekintza zehatzak, besteen artean, hauek izango dira: astean behin etxera bazkaltzera edo txango batera gonbidatzea, aldiro telefonoz deitzea, arazo pertsonalak edo ikasketekin lotura dutenak konpontzen laguntzea, hizkuntza ikasten laguntzea, erosketak egiten laguntzea, adin bereko gazteekin edo kirol, kultur eta aisialdi ekintzekin harremanetan jartzea.
  • Laguntza-familien sare horrek txosten bat izango du gida gisa, aholkularitza-zerbitzua eta beren lana babesteko laguntza-dieta bat. Aholkularitza-zerbitzua familia bakoitzarekin harremanetan dago beren lana bideratzeko sor daitezkeen egoera desberdinetan eta harrerako osaba-izeben familientzat formazio-topaketak antolatzen ditu aldiro.
  • Programa honen helburu gehigarria adingabeko horienganako gizartearen begirada humanizatuagoa lantzen laguntzea da, beren errealitatearekiko hurbiltasun eta enpatia ikuspegia gehituz eta elkartasunaren eta senidetzearen kontzientzia soziala bultzatuz. Beldurrari, aurreiritziei eta etiketa kolektiboei indarra kentzen saiatzea izango litzateke egitasmoaren beste helburu gehigarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak