'Oñatiarren esku ere badago' bideokliparen arrakasta: 8.500 bisita, bi egun pasatxoan

Egubakoitz gauean jarri zuten sarean Oñatiko zenbait musikarik moldatutako Gure Esku Dago-ren abestiarekin eta musikari zein abeslari oñatiarren doinu eta ahotsez grabatutako bideoklipa, eta denbora gutxian izugarrizko zabalpena izan du sare sozialen bidez. Adibidez, Facebook-en 450 elkarbanatzetik gora izan ditu denbora honetan.

Jendea zain zegoen, antza. Aurreko domekan bideokliparen zati handiena San Miel Txiki jaietan erakutsi eta San Anton plazatxoan batutakoekin azken pasartea grabatu eta gero, egubakoitzean jarri zuten sarean lana, amaituta.

Harrera bikaina izan zuen Oñatiko Gure Esku Dagoren ekimenak San Miel Txikietan, baina sareratzeak marka guztiak gainditu ditu: jendeak ikusi nahi zuen azken emaitza, eta inor ez du epel utzi. Astelehen goizeko 11:00etan 8.500 zen Vimeo-n bisita kopurua.

Adierazgarria da lehenengo 5.000 bisitak 20 orduan lortu zituela bideoklipak; eta beste datu esanguratsu batzuk: 2 ordutan 110 elkarbanatze Facebook-en, 450 bi egun pasatxoan Oñatiko Gure Esku Dagoren bitartez bakarrik.

Izan ere, sare sozialak sutan ibili dira, eta WhatsApp bidez izugarri zabaldu da bideoa. Baina Oñatiko –eta Debagoieneko– mugak ere gainditu ditu, eta Twitter-en, adibidez, hainbat komentario eragin ditu, Sustatu.com-en ikus daitezkeen hauek, adibidez.

Orpix etxeak ekoiztutako bideoklipa maiatzaren 5ean grabatu zuten, Oñatiko gaztelekuan. Oñatiko Gure Esku Dago-k eskerrak eman dizkie, era batera edo bestera, lan honetan parte hartu duten guztiei: "Arrakasta hau denon arrakasta da"; eta adierazi du nahia balio izan dezan are eta jende gehiago animatu dadin ekainaren 8ko giza katean parte hartzera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.