Gure Esku Dago

Urbiarako deialdiaren bezperatan, argazki jendetsua atera dute Eskoriatzan

Julen Iriondo 2014ko mai. 17a, 16:24
Eskoriatzako Gure Esku Dagok deituta, argazki jendetsua egin zuten egubakoitzean plazan, erabakitzeko eskubidearen alde eta ekainaren 8ko giza katerako atxikimendua erakutsiz. Biharko, Urbian antolatu dute giza katea Debagoieneko, Urolako, Goierriko eta Arabako Lautadako taldeek.

"Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen defentsan bat egiten duten kondizio askotariko lagunen topaleku izan nahi duen moduan, nahi dugu datorren igandean Euskal Herriko bailara desberdinetatik, bide desberdinetatik, iritsiko diren lagunen bilgune izatea Urbia, eta horretarako antolatu dugu giza kate bat eskualde desberdinetako lantaldeen artean: Urolako, Goierriko, Debagoieneko eta Arabako Lautadako Gure Esku Dago lantaldeen artean, alegia"; horrela dio Urbiarako deialdia egiteko zabaldutako oharrak. 12:00etan hasiko da biharko giza katea.

Metroa eskuratzea
Bestalde, Debagoieneko herrietako Gure Esku Dago lantaldeetatik (herri denetan dago taldea sortuta) herritar denak animatu nahi dituzte ekainaren 8rako euren metroa eskuratu dezaten: "Garrantzitsua delako ahal bezain beste izatea, erabakimena herritarron esku egon dadin; behin Debagoienari dagozkion kilometroak beteta, kilometro horien ondoan beharra lukeen besteren bat balego hartara jendea bideratzeko; eta ekainaren 8koa festa handi bat izan dadin nahi dugulako. Egin gonbidapena zure ingurukoei ere! Adierazi dezagun, era masiboan, herri bezala bere etorkizuna erabakitzeko determinazioa duela gizarte honek ere!".

Metroa ahalik eta lasterren eskuratzeko ere eskatu dute: "Debagoieneko lantaldeetatik herritarrei adierazi nahi diegu giza katera joateko asmoa eduki baina oraindik izena eman ez dutenak azken unera arte itxaron gabe apuntatzea komeni dela, guztia ondo antolatzeko aurreikuspenez jokatu ahal izateko".

Eta jendeak honen inguruko kezka azaldu duela-eta, beste ohar bat ere bai: "Giza katean, dagokien kilometroaren barruan, elkarrekin egon ahal izango dutela une edo egun berean izena eman ez zuten pertsonek; ez dago zertan talde osoa batera apuntatu giza katean batera egon ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak