Euspot-en sari nagusia bi talderendako izan da aurten

Leire Kortabarria 2014ko mai. 15a, 20:21
Gazteen artean eta sare sozialetan arrakasta izan du Euspot lehiaketak, eta sorpresarekin bukatu da, gainera; izan ere, jasotako lanen kalitatea dela-eta, sari nagusia bi talderen artean banatu da: 'Euspotter' (Heidi Otadui eta Yago Mateo donostiarrak) eta 'Pintxo pote bat, hamaika istorio' (Charlie Boy Team, MUko Elgoibar, Durango, Aretxabaleta eta Oñatiko ikasleek osatutako taldea) izeneko iragarkiak. Arratsaldean egin dute sari banaketa ekitaldia, Aretxabaletako Arkupe kultura etxean.

Lanen kalitatearen erakusgarri izan da sari nagusian emandako berdinketa, eta saria erdi bana egin da, beraz: talde bakoitzak 500 euro poltsikoratu ditu.

MUko ikasleen talde horrek 'Pintxo pote bat, hamaika istorio' bideoa egin zuen.

'Euspotter' laneko une bat.

Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako lan onenaren saria ere Charlie Boy Team izeneko taldeko kideendako izan da: beste 500 euro. Horrez gain, publikoaren saria ere banatu da, 500 euro boto gehien jaso dituen bideoarendako: Sortuz Sortzen (Azpeitia, Gasteiz eta Eibar) taldearen Geurea izan da irabazlea. Eta aurtengo apustu handia, gaztetxoen parte-hartzea, ere saritu da: Oihane Iturbe eta Haizea Arrieta aretxabaletarrek egindako Ta zuk ez dozu ezer igertzen? izeneko bideoa izan da onena, epaimahaiaren iritziz; bi egileek 250 euro jaso dituzte.

Sortuz Sortzen taldeak ikusleen saria irabazi du 'Geurea' bideoarekin.

'Ta zuk ez dozu ezer igertzen?' bideoan jasotako momentuetako bat.

Bideo-iragarki guztietan, euskara, irudimena, umore ona, pintxo-pote giroa eta, kasu batzuetan, musika dira protagonistak. Egileek eurek egin dituzte aktore lanak ere, kasu gehienetan.

Epaimahaiak honakoak baloratu ditu: originaltasuna, sormena, kalitate teknikoa, mezua eta publiko-helburuarengana ailegatzeko gaitasuna.

Harrobia sustatzen

Inoiz baino parte-hartze handiago eta gazteagoarekin bukatu da Euspot bere hirugarren urte honetan, eta pozik egoteko moduko arrazoiak dituzte antolatzaileek, Aretxabaletako Udalak, Artemanek eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak. Izan ere, aurtengo helburu nagusia 18 urtetik azpikoak parte hartzera animatzea zen, eta emaitzek adierazten dute erronka bete dela: jasotako lanen kopurua iazko berbera izan da (22 bideoklip edo iragarki) baina iaz hutsik geratu zen gazteen saria, eta aurten, aldiz, sei lan jaso dira sari hori irabazteko modukoak, hau da, 18 urtetik beherakoek eginak eta, tartean, iaz ez bezala, 16 urtetik beherakoek eginak ere bai.

Gazteenek parte har zezaten lortzeko, Artemanek lan handia egin du ikastetxeetan, bertatik bertara ikastarotxoak emanez eta bideo-kamerak erabiltzen utzita, eta merezi izan duela argi geratu da. "Harrobia sustatzen hasi gara eta gazteen parte-hartzea lortu da", diote Artemaneko ordezkariek. Izan ere, parte-hartzaile guztiak izan dira gazteak: 18 urtetik 30 urte artekoak, hain zuzen ere.

Beste irakurketa positibo bat ere egiten dute antolatzaileek: "Sare sozialetan asko mugitu da Euspot. Izan ere, iaz 1.000 boto inguru jaso ziren publikoaren sarirako, eta aurten, 1.600 baino gehiago". Publikoaren saria aukeratzeko, euspot.eu webgunean eman behar zen bozka. Hantxe egon dira -oraindik ere han daude, ikusi nahi dituenarendako- lehiaketara aurkeztu diren 22 iragarkiak.

Euspot-en ohiko helburuak ere bete egin dira: hain zuzen, euskarazko sormena bultzatzea. Gainera, aurtengo proposatutako gaiak parte-hartzaileak eta boto-emaileak erakarri ditu: pintxo-potea eta euskara.

Hitzaldia eta musika

Ilunkeran banatu dituzte sariak. Ekitaldia Ainhoa Vitoria esatari arrasatearrak aurkeztu eta gidatu du, eta, sarien zirraraz gain, bestelako ekintza batzuk ere izan dira: hala, Arturo Olea madrildarrak, musika eskubideetan aditu denak, ikus-entzunezkoetan musika erabiltzearen gainean hitzaldi interesgarria egin du, eta Saiatu Berriz musika talde usurbildarrak bertsioak jo ditu.

Haur, gazte eta heldu, 50 bat lagun batu dira aretoan, eta gustura egin dute barre hainbat momentutan, saritutako lanak bota dituztenean.

Horrenbestez, hirugarren Euspot lehiaketak eman du eman beharrekoa; hor daude oraindik bideoak, webgunean ikusteko moduan, eta datorren urtean ere euskarazko bideoak egiteko gonbidapena.

Irabazleen eta antolatzaileen talde argazkia.

Erlazionatuak

Euspot 2014 argazkitan

Goiatz Arana Begiristain 2014 mai 16 Aretxabaleta

'Euspotter'

Goiatz Arana Begiristain 2014 mai 16 Aretxabaleta

'Pintxo pote bat, hamaika istorio'

Goiatz Arana Begiristain 2014 mai 16 Aretxabaleta

'Geurea'

Goiatz Arana Begiristain 2014 mai 16 Aretxabaleta

'Ta zuk ez dozu ezer igertzen?'

Goiatz Arana Begiristain 2014 mai 16 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak