"Bastoiek kargaren %15 kentzen dute, eta artikulazioak babestu"

Oinarrizko 'nordic walking' ikastaroa egongo da bihar Musakolako kiroldegian. 9:00etan hasiko da ikastaroa, hiru ordu iraungo du eta Xabier Madina 'alfa coach'-ak (nazioarte mailako instruktorea) emango du.

Hankei ez ezik, besoei eta, orokorrean, gorputzaren goiko alde guztiari eragiten dion ibiltzeko modua da nordic walking-a edo ipar martxa –iraupen eskiaren antzerako jarduera–, bi makil berezirekin –ez zeharkaldietarakoak– egiten dena, teknika jakin bat jarraituz. Ez da, beraz, bastoiekin ibiltze soila.

Madina kide duen Euskadiko Nordic Walking Elkartearen  informazioaren arabera –www.nordicwalkingeuskadi.net–, hainbat abantaila ditu diziplina honek: artikulazioak gutxiago behartzen dira korrika eginda baino; gorputzeko giarreen %90 lantzen ditu; gorputzari egiten zaion oxigeno horniketa areagotzen du; garondo eta zerbikalen tentsioa arintzen laguntzen du; bihotzaren lana eraginkorrago bihurtzen du; eta sistema inmunologikoa indartzen, besteak beste.

"Zenbat eta gihar gehiago mugitu, orduan eta energia gehiago xahutzen da, eta kaloria gehiago erre ere bai, ondorioz. Bastoiekin orkatilak, belaunak eta aldaka babesten dira. Kargaren %10-15 kentzen dute, eta karga hori gorputzaren goiko aldean banatzen da", dio Madinak. Ondorioz, nekatu ere gutxiago egiten dela dio, esfortzua banatuago dagoelako gorputzean.

Jatorria Finlandian duen diziplina hau Alemanian, adibidez, gizarte segurantzak "errezetatu eta gomendatu" egiten duela dio Madinak, eta baita diruz lagundu ere: "Han askok dituzte etxean ipar martxarako bastoiak".

Hamabi lagunentzako
Arrasateko zapatuko oinarrizko ikastarorako izena Musakolako kiroldegian eman behar da: 30 euro kostako da, eta makilak bertan utziko dizkiete parte-hartzaileei. Hamabi lagunentzako izango da gehienez, baina interesa gehiagok balute beste egun batean berriro egitea balegokeela dio Madinak.

"Hiru orduko formatu hau nahikoa da hasteko. Hortik aurrera, badituzu nahikoa tresna disfrutatzeko. Hori bai, teknika hobetuz gero askoz onura gehiago igartzen dira". Aukera egongo omen litzateke horretarako ere, eskaria balego.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.