X. Magia Mostra, Elgetan [EGUBAKOITZETIK DOMEKARA]

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko mai. 9a, 10:02
Gaur hasi eta domeka bitartean, Estatuko zein atzerriko magoen topaleku bilakatuko da beste behin Espaloia antzokia baina baita Elgetako taberna zein kaleak ere. Izan ere, ofizioaz gainera, afizioa dute bete-betean magia, eta edozein toki eta une aprobetxatzen dute magoek, elkarrekin trikimailuak egiten gozatu eta, bide batez, batak bestearengatik gauza berriak ikasteko.

Gasteizko Ilusionismo elkartea izan dute elgetarrek hasieratik mostra antolatzen bidelagun: "Eurak ere magoak dira eta ondo ezagutzen dituzte zeintzuk diren  onenak edo interesgarrienak. Hasiera baten izen handia zutenak ekartzen genituen, Anthony Blake, esateko; baina konturatu ginen, izen ezezagunen artean mago oso onak eta saio ezberdinak eta berritzaileak egiten dituztenak daudela, eta baita etengabe ikertzen eta gauza berriak ikasten dabiltzan beste hainbat artista ere. Fruitu onak eman dizkigu, bada, elkarlanak" diote Espaloitik.

Orain artekoen egitura bera izango du aurtengoak: Espaloian, artista bakarreko saioa gaur eta zazpi magoen eskutik Gala bihar; eta domekan, berriz, magia kalean, garai bateko komedianteen itxura duen La Petite caravane doako ikuskizunaz. Horrez gainera, bihar eta etzi, zazpi urtetik gorako haurrendako magia tailerrak egingo dituzte herriko plazan, Gasteizko bi magok.

Urteurrenagatik, merkeago

X. urteurrena dela-eta, ahalegin berezia egin dute sarrerak merketzen; bi egunetako bonoa 20 eurotan eskura daiteke. Egunekoak, berriz, gaurkoa 15 eurotan eta 18 eurotan, biharkoa. Lehiatilan eta espaloia.com atarian.

Elgetan asteburuan egongo diren magoak

  • Woody Aragón (Madril): Umorezko kartografia: gondakoa da. Kartak eta umorea osagai nagusi dituela, ordubeteko saio dibertigarria egingo du, gaur. Biharko Galan, berriz, aurkezle lanak egingo ditu Aragonek.
  • Jordan Gómez (Frantzia): CD manipulazioaz magia: Atzerrian saio asko egin baditu ere, estreinekoz izango da gurean. CDak manipulatuz, saio bisualak eta azkarrak egiten ditu. Sari asko eskuratu izan ditu, besteak beste, Frantziako Mago gaztearena.
  • Vittorio Marino (Italia): Eskarmentu eta sona handikoa.Magia komikoa egiten du saio dibertigarri eta originaletan. Blackpool, Magiaren munduko kongresuan, saria eskuratuta du. Lehenekoz izango da gurean.
  • Pablo Cánovas (Kordoba): Karten manipulazioa: 3 urte besterik ez dituen arren, Estatuko karta manipulatzaile onenen artean dago; sari mordo eskuratu du dagoeneko. Kartak ederto maneiatuz, saio berritzailea eta koloretsuak egiten ditu.
  • Bertox (Frantzia): Magoa eta malabarista: PK2 ikuskizuna erakutsi zuen bikote formatuan, Mostrako aurreko edizio batetan. Bide beretik doa bakarkako saioa ere, hau da, malabarismoaren eta magiaren arteko nahasketa ikusgarria, bada.
  • Ruben Vilagrand (Jaen): Magia eta mimoa: Magia eta mimoa elkarrekin uztartuz, umorezko saio dibertigarriak eta berritzaileak egiten ditu. Sari asko jaso izan ditu, besteak beste, iazko Magiako Kongresu nazionaleko hirugarrena eskuratu zuen.
  • Daniel Ka (Kantabria) Eszena-magia: Gaztea den arren, eskarmentu eta ospe handia dauka eta dagoeneko bere tokia egin du puntako magoen artean. Askotariko osagaiak erabiliz, eszena-magia egiten du. Sari ugari ditu honek ere.
  • Adrian Conde (Argentina): Magia eta antzerkia: XX.mende hasierako antzokiak gogora ekarriz, karabana baten barruan 25 ikusleko taldearen aurrean, magia beste hainbat disziplinekin batuz (antzerkia...) sortutako 12 minututako saioak egiten ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak