Magia Mostrarekin ekingo dio Espaloia kafe antzokiak udaberriko hiruhilekoari

Bertox mago frantziarra Elgetako Magia Mostran izango da.
Goibekoko euskara elkarteak ekainaren 28rako iragarri du urteurreneko ospakizun nagusia.

Maiatza magiaren hilabetea izan da hamar urteotan Espaloia kafe antzokian, eta 10. urteurrena ospatzen ari diren honetan ez da  ezberdina izango.

Maiatzaren 9tik 11ra bitartean egingo dute X. Magia Mostra, eta nazioarteko lehen lerroko zortzi artista elkartuko dituzte Elgetan: Woody Aragón, Bertox, Pablo Cánovas, Vittorio Marino, Jordan Gómez, Rubén Vilagrand, Daniel Ka eta Adrián Conde. Bariku eta zapatu gauean izango dira ikuskizun nagusiak; biak ikusteko sarrera 20 euro da, bazkideendako 16 euro.

Iaz egindako umeendako tailerrak ere izango dira aurten. Zapatuan, maiatzak 10, 16:00etan, eta domekan, maiatzak 11, 10:30ean egingo dituzte zazpi urtetik gorakoendako, doan.

Domeka eguerdian, berriz, La Petite Caravane izeneko kaleko magia ikuskizuna egingo du Adrián Conde argentinarrak herriko plazan.

Magia Mostratik kanpo, berriz, Juan Tamariz mago entzutetsua ere Elgetan izango da udaberri honetan. Ekainaren 6an eta 7an ikuskizun berria egingo du Espaloian.

Bertso saio ere iragarri dute antzokitik. Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Sebastian Lizaso maiatzaren 24an, zapatua, izango dira Elgetan, 22:30ean.

Goibeko elkarteak, bestetik, ekainaren 28rako iragarri du 10. urteurreneko ekitaldia; gala eta afaria iragarri dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.