Errekreazioa dela-eta domekan 11:00etan itxiko dute Asentziorako errepidea

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko api. 23a, 12:07
Gudarien eta milizianoen lubakia iazko errekreazioak.
Zapatuan, bestalde, entsegu orokorra egingo dute parte-hartzaileek Asentzion, 16:00etan.

Egun gutxi batzuk besterik ez dira falta Intxortako borrokaldien bigarren errekreazioarako eta Elgetan azken detaileak lotzen ari dira. Parte-hartzaileek apirilaren 12an jaso zituzten jantziak eta materiala. Zapatuan elkartuko dira berriz, kasu honetan entsegu orokorra egiteko. 16:00etan egin dute hitzordua Intxortako Ate monumentuaren aurrean.

Errepidea itxita, 11:0etan

Domekako egitarauari dagokionean gudari eta milizianoak 10:15ean elkartuko dira Elgetako herriko plazan hamarretakoa egiteko. 11:00etako kanpai hotsak entzundakoan abiatuko dira lubakietara. Une horretan itxiko dute zirkulazioa errepidean. Antolatzaileek aurreikusten dute errekreazioa 11:30ean hastea.

Ordu erdi inguruko iraupena izango du ikuskizunak eta amaitutakoan aukera egongo da lubakiak zein errekreaziorako ekarritako materiala ikusteko, baita erretratuak ateratzeko ere.

Oinez egingo dute jaitsiera bai agintariek bai parte-hartzaileek, eta bidean lore eskaintza egingo dute Salbador ermita aurrean gerrako biktima zibilen omenez dagoen oroigarrian.

Herrian memoria historikoko taldeen material salmenta, trikitilariak, txistulariak... egongo dira.

Herri bazkaria

Mahaiaren bueltan amaituko dute eguna Elgetan. Kiroldegiko gimnasioan egingo dute herri bazkaria eta txartelak salgai daude eguenera arte Bolatoki tabernan. Erreserbak ere egin daitezke danonartian@elgeta.net helbide elektronikoan. Honezkero 75 lagunek eman dute izena.
 
Gogoratu salgai daudela zozketarako txartelak zein Intxortako Irrintzia argitalpena.
 
 
 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak