Zapatuko Eskoriatzako esperientzia herriz herri errepikatzea proposatu dute

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 16a, 09:17
San Telmoko adierazpenarekin bat egindako norbanako ezberdinak Eskoriatzan batu ziren zapatuan, "giza eskubideak bermatuko dituen konponbidea" eraiki eta bakea lortzeko helburuarekin, herritarren sare bat osatzeko. Saio hartan ateratako ondorioak aurkeztu zituzten atzo eta esperientzia hori herriz herri errepikatzea proposatu, osatutako sarea "ehuntzeko eta ekarpen ezberdinekin aberasteko".

Zapatuan Eskoriatzan ateratako ondorioak:

  • Preso eta iheslarien eskubideen urraketak landuko dituen sarea "beharrezkoa" da egun; sentsibilitate politiko desberdinak izan arren, adostasunean eraikiko den herritarren sarea.
  • Martxan jarri nahi duten sareak hiru lan ildo nagusi izango ditu: sakabanaketaren amaiera, gaixorik diren presoen kaleratzea, eta bizi osorako zigorrak ahalbideratzen dituzten neurriekin amaitzea.
  • Helburua ez da inoren lana ordezkatzea, ezta eragile politiko edota instituzioena. "Herritarren protagonismoa lehenetsiko duen sare berria eta berritzailea" sortu nahi dute, "alderdikeri eta siglen gainetik".
  • "Jendarte guztiarentzat onuragarria" den konponbidean egingo du aportazioa, preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatuz.
  • Jendartetik abiatuko da, herri eta auzoetako dinamiketatik, bertan konplizitateak bilatuz, herritarrekin hausnartuz eta ekimenak antolatuz.
  • "Herritarrekin ehunduko" den sarea izango da, beraz, "eremuz eremuko konpromiso maila desberdinak ahalbidetuz eta eragile desberdinekin hartu emanean".
  • Ilusioz egin beharreko lana dela deritzote, "parte-hartzea sustatuz eta jendartearen aniztasuna kontuan hartuz".

Herriz herriko eztabaida eta hausnarketa

170-200 lagun inguru batu ziren zapatuko hausnarketan, "preso eta iheslarien oinarrizko eskubideen urraketaren eta bizi duten egoeraren larritasunaz" jakitun.

Oinarrizko gutxiengoak adostuta, osatzen diharduten sarearen nolakotasuna eztabaidatu eta konpartitu gura dute orain. Datozen asteotan horretarako aukera izango dutelakoan daude, eta euskal herritar guztiak gonbidatu dituzte gertuko errealitatean eragitera.

Herriz herriko eztabaida eta hausnarketen bidez prozesu "oso" bat burutu nahi dute, udaberria amaitu baino lehen "sare hori gorpuztuko duen tresna berri bat" aurkeztuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak