Argi berdea Cevitalen eskaintzari

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 11a, 11:16
Fagor Etxetresnen Garagartzako lantegia.
Donostiako 1. Merkataritza-epaitegiak onartu egin du Cevital talde aljeriarraren hasierako eskaintza: Fagor Ireland Brandt, Dietrich, Vedette, Sauter eta Easycook markak eskuratu ahal izatea 25 milioi euro ordainduta.

Pedro Malagon epaileak ez zuen salmenta hori baimendu hasiera batean, baina Cevitalek errekurtsoa aurkeztu zuen, eta epaileak onartu egin du azkenean. Egindako eskaintza ez zitzaion nahikoa iruditu orduan, "prezioarengatik eta kobratzeko bermeengatik", eta erabaki zuen onartuko zuela baldin eta talde aljeriarrak 35 milioi euro eskaintzen bazituen eta beste premisa batzuk betetzen bazituen.

Aurkeztutako errekurtsoan Cevitalek defendatu zuen 25 milioi euroko kopuru hori bat zetorrela merkatuko balioarekin. Oraingo epaia ematerako orduan, gainera, Pedro Malagon epaileak kontuan izan du aurrekoa ematerakoan ez zuen informe bat: Fagor Irelanden Administrazio konkurtsalak egindakoa da, eta inbentarioa eta marken balorazioa jasotzen ditu.

Balorazio hori da, epailearen ustetan, kontuan hartu beharreko lehentasunezko gida. 29,5 eta 33,6 milioi euro arteko tartea zehazten du, eta Pedro Malagonek dio Cevitalen eskaintzaren eta kopuru horien arteko aldea ez dela hain handia, eta konpentsatuta geratuko litzatekeela patente eta marka lizentziatzeko promesarekin eta taldearen Espainiako perimetrorako eskaintza lotesle batekin. Azaldu duenez, horregatik eman du ontzat 25 milioi euroko hasierako eskaintza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak