Duruko lapiaza ezagutzen hasiko dira Arantzazuko Parketxeko ibilaldiak domekan

Jon Berezibar 2014ko api. 10a, 17:36
Arantzazu euskal mendizaleen bilgune izan dadila gura dute antolatzaileek; Parketxea bera eta Arantzazuko Adiskideak. Oraingo bosgarren honetan sei ibilaldi antolatu dituzte. Lehena domekan izango da eta Duruko lapiaza ezagutzeko aukera egongo da. Ibilbide guztietan natura, kultura eta historia uztartuko dituzte.

Bosgarren urtez jarraian Arantzazu mendizale guztien bilgunea izateko prestatzen ari da bertako natura-paisaia eta bere kulturaren alde miresgarriak ezagutu eta disfrutatu ahal izateko. Oraingo  honetan, antolatzaileek, Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak, apirila eta urria bitartean egingo diren sei ibilaldien egitaraua prestatu dute. Abuztuan izan ezik, hilean behin ibilaldi bat egitea aurreikusten da.

Aukeratutako bideen ezaugarriak oso ezberdinak dira, bai teknikoki bai natura eta kulturaren eduki aldetik ere, eta natura-aisialdian interesa duten guztien gogoak betetzeko helburuarekin antolatu dira. Erakundeak tekniko eta boluntarioz osatutako gidari talde baten laguntza du, bidean zehar natura eta kultura gogoangarri izango dituzten ezaugarriak helarazten saiatuko direnak. Mendi Ibilaldi guztiak, bigarrena izan ezik, Arantzazu Parketxeko harrera lekutik abiatuko dira goizeko 9etan.

2014ko lehen mendi irteera

Irekitze-ibilaldi hau erraza da. 7,5 kilometro inguruko distantziaz eta 250 m eskaseko desnibelarekin edozein publikoarentzat zuzenduta dago. Bidearen zehar hainbat leku interesgarriak ezagutu ahal izango dira, hala nola, Erroitegiko iturria, Urbiko bidearen ertzean kokatzen dena, eta Duruko lapiaza, oso ezaguna eta izen bera daraman artzaintza gunean aurkitzen dena. Leku bietan historia erreferentziak esanguratsuak daude, amabirjinaren agerpena batean eta antzinako artzaintzaren bizimodua bigarrenean. Erreferentzi hauek ibilbidearen eduki tematikoa osatuko dute eta hauen transmisioa antolatzaile erakundetako gidarien esku dago. Aipamen hauen bitartez, nolabait, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean aurkitzen diren balio naturalak eta kulturalen arteko erlazioaren esperientzia paradigmatikoa islatuko da.


Hurrengo ibilaldiak

Gipuzkoako Parketxe guztien ildo bera jarraituz, irteera guztiak mendi-ibilaldiak gustuko dituzten guztientzako egokiak dira. Irteerak egin aurretik bidezidor bakoitzaren ezaugarriak argitaratuko  dira, oinarrizko informazioa emanez, hala nola, ibilbidearen distantzia, denbora, garaiera, zailtasun-maila, baita topo-gida ere, non azaletik laburtzen den ezarritako bidearen ezaugarriak. Interesdunak  informazioa prentsa bidez edo www.gipuzkoamendizmendi.net webgunera sartuz lor dezake. Aurten ere eta berritasun gisa Parketxe sareko blogean, www.parketxesarea.org, albiste guztien informazio iturri berria izango du. Hala ere, argibide gehiago behar izanez gero, Parketxeko langileengana zuzentzea aholkatzen da.

Ibilbideak oro har, igande goiz osoaz gozatzeko prestatzen dira; 4-5 ordutako ibilaldi gidatua eta  komentatua. Salneurri bakarra ezarri da ibilbide guztientzat: 3€ helduentzat eta 2€ gazteentzat (6-12 urte).

Interesdunak Arantzazuko Parketxean telefonoz edo emailez izena eman dezake.

Ibilaldien egitaraua 2014

  • Apirilak 13: Duruko lapiaza.
  • Maiatzak 11: Uraren bidea.
  • Ekainak 15: Pin pil.
  • Uztailak 12: Aloña.
  • Irailak 21: Aizkorri.
  • Urriak 19: Kontrabandisten ibilbidea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak