Futbola: Aretxabaletak eta Aloñak irabazi, Bergarak eta Antzuolak galdu eta Mondrak berdindu

Mirari Altube Arrese 2014ko mar. 30a, 22:01
Ohorezko erregionalean denetariko emaitzak izan ditugu. Aretxabaletak eta Aloñak aurrealdean jarraitzeko borrokan irabazi egin dute –UDA bigarren dago. Bergara eta Antzuola, berriz, mailari eusteko borrokan beharrezkoak dituzten puntuak batu ezinka dabiltza –Bergara, batez ere. Eta, erregional preferentean Mondrak bost finaletako lehenean puntu bat baino ez du eskuratu.

Aretxabaletak samur irabazi

Aretxabaletarrek aurkari indartsua espero zuten aurrez aurre, partiduren bat galdu arren ondo dabilelako Ondarroako taldea. Hala ere, ez die burukomin handirik eman lehenengo zatian. Partidua hasi orduko min hartu du Gorkak, orkatilan, eta Gillenek ordezkatu du. Behin aldaketa eginda taldea eroso kokatu da zelai erdian eta hainbat aukera izan diutzte hasi orduko; hala nola, Gillenek zelai erditik pase luzea jaurti Imanoli eta honek zutoin albotik kanpora bidali du. 20. minutuan iritsi da lehen gola; kornerra atera Imanolek eta Urtzik, buruz, barrura.

Lasai ibili da jokatzen UDA; baloiak samur eskuratu eta aukerak behin eta berriz sortzen. Aurrerakoek, ostera, ez dute arriskurik sortu, eta Castek ez du batere lanik izan. Bigarren gola lehen zatiaren luzapenean iritsi da, Aurrerako defentsak egindako huts baten ondorioz. Defentsak behar bezala aldendu ez baloia, Urtzik eskuratu zelai erdian, eta atezainaren aurreraino bakarrik eroan ondoren sareratu du.

Bi goleko abantailak lasaitasuna eman die etxekoei, eta erdi lo atera dira zelaira bigarren zatian. Aurrerak, ostera, hiru aldaketa egin ditu eta indarrak berreskuratuta emaitzari buelta eman gura izan dio. Bigarren zatia hasi orduko, gainera, Urtzik min hartu du eta horren ordez Piru zelairatu du Gorka Valle entrenatzaileak. Ondarroarrak sarriago hasi dira iristen Casteren atera, baita arriskua sortu ere, korner baten ondoren baloia ezin harrapatu ibilita. Jokalarien artean sortutako nahas-mahas horretan Beñat Etxabek zauria egin du buruan eta bendarekin jokatu behar izan zuen gero.

20. minutuan Arizmendi zelairatu da Zaitegiren ordez. Baloia jokoan jarri orduko penaltia adierazi du epaileak eta txartel horia erakutsi Gilleni, baloia duen azken jokalariari falta egiteagatik. Caste, baina, argi ibili da, eta baloia urruntzea lortu du. Penalti horrek berriro partiduan sartu ditu Valleren mutilak, eta behin erritmoa berreskuratuta, Aurrerakoak geratu eta aukerak sortzen hasi dira berriro. Bukaeran jokalariak gustura eta zaleak ere bai.

Aloñak partidu txarra jokatu arren irabazi

Sailkapenean azken postuan dagoen Lagun Onak hartu du Aloñak, etxean eta irabazi (3-1). Emaitzari erreparatuz gero aise irabazi diola iruditu arren ez da hala izan. Andoni Azkargorta entrenatzaileari esaterako "urteko partidurik txarrena" iruditu zaio. Hala ere, bolada onean sartuta dago Aloña, eta partidu txarra jokatuta ere golak egiten badakiela erakutsi du.

Lehenengo zatian oso parekatuta ibili dira bi taldeak. Oñatiarrak ez dira oso fin ibili, eta ez dute jokatu batere eroso. Baloiarekin ezin asmatu ibili dira eta defentsa lanetan ere huts asko egin dituzte; hala, aurkariari erraztasunak eman eta eman jardun dute. Dena den, azpeitiarrek ez dute jakin horri etekina ateratzen. Eta Aloñakoek, txarto jokatuta ere golak sartzen dakitela erakutsiz bi egin zituzten lehenengo zatian. Lasaitu ederra hartuta joan dira atsedenaldira etxeko jokalariak.

Bigarren zatian, ostera, partiduari buelta eman guran zelairatu dira Lagun Onakeko mutilak, eta saiakera horretan baita gola sartu ere. Hala, estu hartu dituzte oñatiarrak, eta emaitzari eusteko lanean jardun behar izan dute horiek. Azkenean, partiduaren luzapenean, hirugarren gola iritsi da.

Bergara ezinean dabil eta berriro galdu

Nahi eta ezin, horrek laburtzen du Bergarak zapatuan, etxean, jokatutako partidua; ezin eta galdu, gainera (0-1). Ostadarrek baino aukera gehiago izan zituen, aukera paregabeak hiru bat, baina gola Ostadarrek egin zuen.

Ez zuten partidu txarra jokatu bergararrek, baina azken asteotan ez dute zortea alde. Hasi eta segituan bi aukera paregabe izan zituen Enekok, atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratuta. Bietan, baina, kanpora joan zitzaion baloia.

Bigarren zatian berriro ere atezainaren aurrean bakar-bakarrik izan zen, baina orduan ere baloia gora. Ondoren Baltzategi kaleratu zuen epaileak bigarren txartel horia erakutsita. Ostadarrekoak atzean sartuta zeuden ordurako, eta berdinketarekin etxeratzeko gertu, baina area kanpotiko jaurtiketa batean Bergarako defentsak ukitu aldentzeko, Ostadarreko aurrelariarengana iritsi eta gola iritsi zen. Partidu bukaeran beste aukera bat izan zuten bergararrek, baina ordurako argi zegoen ezinean zebiltzala.

Etxean partidurik ezin irabazita dabil Bergara azken asteotan, eta argi ibili beharrean dago. Izan ere, jaitsiera postuak bost puntura dituzte bukatzeko sei jardunaldi geratzen direnean, eta hurrengo asteko partidua ere ez du batere samurra; sailkapenean hirugarren dagoen Tolosaren etxera doa.

Mondrak husna berdindu

Mondra hasi da finalak jokatzen goiko postuetan jarraitu gura badu. Atzo, baina, puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen, ez ziolako golik egin Oriokori. Lehen zatian oso parekatuta ibili ziren. Bigarren zatiaren hasieran jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Orioko, baina Mondrakoek ez zuten jakin etekinik ateratzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak