Ibarreko txirrindulariak Gorlako maldei aurrez aurre begira

Xabier Urtzelai 2014ko mar. 28a, 06:00
Bailarako ziklistak, aste barruan, Gorlako maldak hasten diren tokian. Aurrean, ezkerretik, Eneko Lizarralde, Iker Eskibel eta Beñat Etxabe. Atzean, ezkerretik, Jokin Etxabe, Aitor Umerez, Julen Irizar eta Asier Taboada.
Amateur mailako ziklistarik onenak batuko ditu Lehendakari Txapelketarako puntuagarria izango den Gorlako Igoerak domekan (10:00, San Martin plaza). Zapatuan, ostera, Uzarragako Igoerak batuko ditu gazte mailako ziklistak, Antzuolan.

Urte askoan zehar Debagoieneko txirrindulari gutxi izan ditugu hitzordu handian, baina azken bizpahiru urtetan iraultza izan dugu gurean, koadrila polita iritsi delako amateur mailara. Hala, Etxabe anaiak, Asier Taboada, Julen Irizar eta Jon Rivero (Debabarrena), Aitor Umerez eta Eneko Lizarralde (Gipuzkoa), eta Alex Aranburu eta Iker Eskibel (Zirauna Infisport) ziklistak irteera puntuan izango ditugu, Gorlako maldei aurrez aurre begira. 

90 kilometro, eta hiru igoera 

Gorla ez da egutegiko lasterketa gogorrena, baina bertan egoten den maila onak zailtzen du proba. Ziklistek 90 kilometro izango dituzte aurretik, eta tartean birritan igoko dute Gorla, 11:00ak inguruan igoko dira lehenengoz, eta 12:20ak aldera iritsiko dira azkarrenak helmugara. (Iaz Cristian Cañada izan zen onena)

Marc Soler indartsu 

Txirrindulari kataluniarra da Gorla irabazteko hautagaietako bat, ondoan oilar asko izango baditu ere Lizarteko ziklistak dagoeneko lau alditan jaso dituelako besoak helmugan –Soraluze, Ereño, Urretxu eta Lizarra–. Joan den astean bera izan zen Lizarran azkarrena. Eta, lasterketa horretan azpimarratzeko moduko lana egin zuten Jokin Etxabe (seigarren) eta Eneko Lizarralde (zazpigarren) bergararrek.  

Zapatuan, Uzarragako Igoera 

Gorlakoa ez da, baina, asteburuan izango dugun txirrindulari hitzordu bakarra izango, zapatuan egingo dutelako Antzuolan (16:00etan hasita) Uzarragako Igoera, eta lasterketa horrek ere 40 edizio beteko ditu. 

Kasu honetan bailarako gazte mailako ziklistek 81 kilometro izango dituzte aurrean, eta kilometro gehienak lautadan egin ostean, Uzarragako 2,5 kilometroak erabakigarriak izango dira.

Erlazionatuak

Gorlako igoeraren aurrerapen bideoa

Amaia Txintxurreta Guridi 2014 mar 28 None

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak