Iban Elortondo: "Profesionalki, lan mundura itzultzeko prestatuago nago"

Imanol Soriano 2014ko mar. 27a, 12:00
Iban Elortondo.
Eraikuntzarekin lotuta dauden ikasketak egiten dihardu Iban Elortondo aretxabaletarrak. Langabezian geratu ondoren berriro ikastea erabaki zuen eta goi mailako heziketa zikloa aukeratu zuen horretarako. Orain, praktikak eta proiektua partekatzen dabil.

Nola ezagutu zenuen Lanbide Heziketa eta zerk bultzatu zintuen mota horretako ikasketak egitera? 

Langabezian geratu nintzen eta lanpostu bat aurkitzea baino errazagoa iruditu zitzaidan ikasten hastea berriro. Egin nuen lehen gauza Aretxabaletako Institutura joatea izan zen. Bertan informazioa eskatu, eta hemen jarraitzen dut. Gainera, familiak asko animatu nau hasieratik eta azterketa garaian, batez ere, asko laguntzen didate. Asko eskertzen da, gainera. 

Zer eman dizu Lanbide Heziketak?

Ikasten hastearena erronka bat izan zen. Denbora luzea neraman ikasi gabe, eta beldur nintzen. Emaitza onak atera ditut eta oso pozik nago. Gainera, jende jatorra ezagutzeko ere balio izan dit. Profesionalki, lan mundura itzultzeko prestatuago nago. Prestakuntza izatea ezinbestekoa da gaur egun, eta ikasketak bukatutakoan prestatuago egongo naiz, ziur. 

Gomendatuko al zenuke Lanbide Heziketa?

Bai. Ikaste garaia ez da luzea, epe laburrean bukatzen da, eta, gero enpresarekin harremana zuzena denez, praktikak bertan egitea onuragarria da. Benetako enpresa bat ezagutzeko aukera dago. 

Ikasteko garaian, zer egiten zaizu errazena eta zer zailena?

Zailena hastea izan zen. Denbora luzez ikasi gabe egon ondoren, zalantzak nituen ikasketak aurrera eramateko gai izango nintzen edo ez. Denborak aurrera egin ahala nire buruarekiko konfiantzak gora egin zuen eta gustua hartu nion ikasteari. Eta gaur egun ere gustura jarraitzen dut nire prestakuntza zabaltzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak