'8 apellidos vascos' ikusteko takilak 17:00etan irekiko dituzte domekan eta 18:30ean astelehenean

Karra Elejalde eta Clara Lago.
Zapatuan egin moduan, domekan ere 17:00etan irekiko dituzte film arrakastatsua Arrasateko Amaia antzokian ikusteko takilak. "Sortu duen ikusmina ikusita eta herrian zabaltzen ari diren zurrumurruei aurre egiteko", Arrasateko Udalak egubakoitzean aditzera eman zuen lehenago, 17:00etatik aurrera, hain justu ere, erosi ahal izango direla sarrerak, zapatuan eta domekan; astelehenean, berriz, 18:30etik aurrera.

Filma zapatu, domeka eta astelehenean ikus ahal izango da Amaia antzokian. Zapatuan, 19:30ean eta 22:00etan; domekan, 19:30ean, eta astelehenean, 20:30ean. Zapatuan eta domekan, 17:00etan irekiko dituzte takilak eta, astelehenean, 18:30ean.

Egubakoitz eguerdian Arrasateko Udaletik aditzera eman zuten hainbat zurrumurru zabaldu direla herrian. "Batzuek esan digute entzun dutela sarrera guztiak agortu direla, Internetetik erosita, eta ez dira jarri salgai Interneten", zioen Karmelo Alberdik, Arrasateko Udaleko kultura teknikaria.

Arrasaten grabatu, eta estreinatu eta astebetera Debagoienean lehen aldiz ikus ahal izango da 8 apellidos vascos entzutetsu eta arrakastatsua. Filmak errekor guztiak gainditu zituen joan zen asteko estreinaldiarekin eta gure eskualdean ere ikusmin handia sortu du.

Karra Elejalde, Clara Lago eta Dani Rovira dira filmeko protagonista nagusiak. Emilio Martinez-Lazarok zuzendu du eta Borja Cobeaga da gidoiaren egilea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.