Fagorren likidazioa, epailearen esku

Ubane Madera 2014ko mar. 19a, 09:43
"Pentsatzen dugu epaileak aguro onartuko duela atzo (martitzena) aurkeztu genuen likidazio prozesua abiatzeko eskaera, oraingo astean bertan erabaiki dezakeela. Behin hori eginda, Fagor Etxetresna Elektrikoen Kontseilu Errektorea desagertu egingo da eta konkurtso administratzailea arduratuko da likidazio prozesuaz"; horixe jakinarazi dute Fagor Etxetresna Elektrikoetako iturriek.

Behin likidazio eskaera onartuta, honakoa da prozedimendua: konkurtso administratzaileak 15 egun ditu likidazio plana aurkezteko; epaileak, gero, beste horrenbeste egun ditu hura onartzeko eta gero zabalduko da Fagorren aktiboengatik eskaintzak egiteko epea. "Asko jota hilabete eta erdi edo bi hilabete iraun dezake prozesuak", azaldu dute Fagorretik.

Eta prozesu hori paraleloan joango da Frantzian Cevital enpresa aljeriarrak egindako eskaerari dagokion prozesuarekin. Kasu horretan, datorren asteko eguena (martxoaren 27) dute zehaztuta erabakia hartzeko, berriro ere atzeratzen ez bada, jakina. "Itxaron egin beharko dugu, epaileak eskatutako 35 milioi euroko eskaintza egitea Cevitalek onartzen duen edo ez jakiteko", diote Fagorretik.

2017an azken ordainketa

Hain justu ere, honakoa da egindako eskaera hori: 17,5 milioi euro ordaintzea erosketarako data zehazten denean; beste 6 milioi euro ordaintzea 2015eko martxoaren 31n; beste horrenbeste 2016ko martxoaren 31n eta azkenik, 5,5 milioi euro ordaintzea 2017ko martxoaren 31n. "Ordainketaren bat atzeratuko balitz, eskaintzaileak prezio osoa ordaintzeko besteko bermeak eman beharko lituzke", diote.

Markak, salgai baino "alokagai"

Likidazio prozesuari dagokionez, berriz, Fagorren aktiboak jarriko dituzte salgai prozesu horretan: "Izan daitezke fabrikak, makinak, markak… Espainiako kasuan, Aspes eta Fagor ez dira Fagor Etxetresnenak, beraz, ezin dira saldu, baina bai negozia daiteke haien erabilera royalty batzuk ordainduta, adibidez. Edesa, berriz, Fagor Etxetresnena da, eta hori saldu egin daiteke", esplikatu dute Fagorretik.

Saldu daitezkeenak, baita ere, dira fabrikak. "Nahiz eta Cevitalek Garagartzarekiko interesa izan, negozio jakin batzuk gura ditu. Eta Garagartzan, adibidez, garbigailu eta ontzi-garbigailuen fabrika osoa dago eskuragai; eta San Andresen, berriz, hozkailuena. Bergaran, Geyserren erdiarengatik ere egin daitezke eskaintzak. Edo Vaillantekin negozia daiteke, según eta zein den interesa; eta jakina Basauriko fabrika ere hortxe dago", Fagorretik esandakoaren arabera.

Bergara eta Eskoriatza

Bestalde, berretsi egin dute Cevitaldek Frantzian moduan, hemengo negozio batzuekiko interesak egon badaudela eta haiekin "kontaktuan" badabiltzala, zehazki Bergarako Geyserrekiko eta Eskoriatzako negozioarekiko iritsi zaie interesa, "baina momentuz ezin dugu izenik eman", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak