Artzain Eskolako makila 13 profesional berrirentzat

Artzain Eskolak hamazazpigarren ikasturtearen amaiera ospatu du gaur Arantzazun, ardi latxaren defentsan eta artzainen prestakuntzan ibilbide sakona egin eta gero, artzaintza profesionalizatzeko eta artzaintzak Euskadin jarraipena izatea bermatzeko helburuarekin.

1997an zentroa martxan jarri zenetik, Arantzazuko Gomiztegi baserrian (Oñati) dagoen eskolan 110 artzain baino gehiago prestatu dira, eta ardi sektorearen sare sozioekonomikoan sartzea ere lortu dute. Zentroko arduradunen iritziz, zifra oso ona da.  

Aurten 13 pertsona prestatu dira eskolan, 9 gizon eta 4 emakume, eta, horiekin, 223 ikasle dira guztira Artzain Eskolatik pasatutakoak, eskolak egin dituen hamazazpi  urteetan.

Artzain Eskolako ikasturte amaieraren ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek "lehen sektorea gizarte osoaren mesedetan egiten ari den lan garrantzitsua" goraipatu du. Zehazki, artzaintzak izan duen garapena azpimarratu du. Orozen hitzetan, "bilakatzen eta garai berrietara egokitzen jakin duelako iraun du bizirik; instalazioak modernizatu eta teknologiak, gobernatzeko teknikak, elikadura edo produktuaren elaborazioa hobetu dituelako". Profesionalizazio horren isla dira Artzain Eskolan prestatu diren 225etik gorako ikasleak.

Orozek artzainen produktua nabarmendu du bereziki, gazta: "Artzainek lortu duzue gizarteari gure gastronomiaren produktu izarretako bat eskaintzea, bitxi preziatu bat. Produktu errekonozitua eta baloratua, hurbileko produktua, konfiantzazkoa, nekazaritzako elikagaien euskal industrian arrakastaz garatzen asmatu duena".

Ikasleen profila

Azken ikasturte hau arrakastaz amaitu duten 13 ikasleetatik, 2 gipuzkoarrak dira, 1 bizkaitarra, 1 arabarra, 3 nafarrak eta 5 beste erkidego autonomo batzuetakoak.

Zifra globalei dagokienez, Artzain Eskolak egin dituen 17 urte hauetan ikasleen %70 EAEkoak izan dira. Ikasle gehien eman dituen lurraldea Gipuzkoa da (75), eta ondoren daude Bizkaia (42) eta Araba (35). Halaber, esanguratsuak dira Nafarroatik etorritako ikasleena (27) eta estatuko beste erkidego batzuetatik etorritakoena (18), bai eta atzerritik etorritakoena ere (26).

Adinari dagokionez, ikasleek 27 urte dituzte batez beste, eta ikasleen %94 abeltzain gazteen kategorian sartzen dira, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen ikuspegitik. Ikasle guztietatik %51 artzainak edo artzainen seme-alabak dira, eta ardien sektorerako bokazio argia dute. Zehazki, 115ek baino gehiagok artaldea dute dagoeneko, batez beste 355 bururekin.

Ikastaroaren ezaugarriak

17. ikastaro trinkoa 2012ko urrian hasi zen, eta bost hilabete iraun du: hamar astez teoria eman da, aldi berean 50 buruko artalde bat zainduz, eta bisitak eginez laborategi, instalazio, gestio zentro, nekazaritza eskoletara eta abar; eta beste hamar astez praktikak egin dituzte artzain profesionalen baserrietan.

Ikastaroaren edukiari dagokionez, historiari eta artzaintza iraunkorraren orokortasunei lotutako gaiak landu dira, artaldearen elikadura, ugalketaren eta hautaketaren maneiua, marketina eta merkaturatzea, kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta gazta, gaztazahar, mami eta zezinaren elaborazioa.  

Omenduak

Artzain Eskolako ikasturte amaieraren ekitaldian, ikasleei diplomak eta makilak emateaz gain, Juan Joxe Aranguren eta Arantza Segurola artzainei eta Labayru Ikastegiari omenaldia egin zaie, artzaintza sustatzen eta balioesten egin duten lanagatik.  

Erlazionatuak

Artzain Eskolaren Ikasturte amaiera ekitaldia 2014

Oñati

Aurten 13 pertsona prestatu dira eskolan, 9 gizon eta 4 emakume, eta, horiekin, 223 ikasle dira guztira Artzain Eskolatik pasatutakoak, eskolak egi...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.