Ander Bolibar: "Nahi izan dugu hainbat ideia plazaratzea, eta ikusleari esatea 'atera orain zure ondorioak"

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 26a, 20:00
Kepa Matxain eta Ander Bolibar.
Belaunaldi zaharragoetako jendeak kulturgintzaz pentsatzen dituen hainbat gauza bai, baina euren belaunaldiak gai hori nola bizi duen arrastorik ere ez zutela ohartu zirela dio Bolibarrek, eta hortik sortu zela ideia. Dokumentalera ekarritako zazpi lagunek ikuspegi ezberdinak eskaini dizkietela kontatu digu, eta ikuspegi ezberdin horiek balio dutela eztabaidarako puntuak sortzeko eta iritzi propioa eraikitzeko.

Zer dela-eta jorratu duzue Y belaunaldiaren eta kulturgintzaren gaia?

Aspalditik egiten zigun kontuak atximur. Huhezin bada Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduondoko bat, eta Kepa Matxain bekadun aritu da bertan bi ikasturtetan. Ni ere graduondokotik gertu ibili naiz, kontu bat dela eta beste bat dela. Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua ikasi genuen biok, eta gradu amaierako lana egiteko garaia heltzean, gure gustuko gai bat landu nahi genuen. Ohartu ginen bagenekizkiela belaunaldi zaharragoetako jendeak kulturgintzaz pentsatzen dituen hainbat gauza, baina gure belaunaldiak gai hori nola bizi duen arrastorik ere ez genuela. Eta susmoa genuen hor egon zitekeela gure ekarpen txikia.

Arrazoi jakinen batengatik aukeratu dituzue zazpi elkarrizketatu horiek?

Zazpi lagun horiek hautatzeko era askotako arrazoiak egon dira. Gertutasuna, batzuen kasuan, zer esana izan zezaketela iruditzen zitzaigun beste batzuen kasuan... Dena dela, zazpiekiko sentitzen genuen biok afinitatea neurri batean; oro har, nahiko identifikatuta sentitzen ginen beraien iritziekin eta mundu ikuskerarekin. Noski badaudela beren artean desberdintasunak, hainbat gairi buruzko ikuspegi ezberdinak, normala denez. Baina, hain justu, ikuspegi ezberdin horiek balio digute eztabaidarako puntuak sortzeko eta gure iritzi propioa eraikitzeko. Zazpi lagun horiez gain, beste bost lagunekin ere jarri ginen harremanetan, baina ez ziren parte hartzera animatu. 

"Zuen ideien ildotik" datoz ala sorpresa izan da esateko zutena entzutea...? Nabarmenduko zenukete ideiaren bat euren erantzunetatik?

Hasteko, esan behar da dokumentalean inork ez duela topatuko inolako erantzun definitiborik. Ez dauka tesi garbirik, ez dugu ikuslea inolako erantzun jakinetara bideratu nahi izan. Horregatik dauka collage itxura, hainbat aipuren arteko haria eraiki dugu, baina amaieran hari narratibo hori borobildu gabe.

Era berean, hari bisualik ere ez diogu eman. Hauta genezakeen, izenburuari jarraiki, erretenen irudi batzuk tartekatzea, metafora bisualen bat sartzea... Elementu horiek estilo jakin bat emango lieke lanari. Eta baita, azken finean, norabide argiago bat, gaia zehatzago bideratuko genukeelako. Aldiz, autoreen eskua ahalik eta gutxien erakutsi nahi izan dugu. Nahi izan dugu hainbat ideia plazaratzea, eta ikusleei esatea "tori, hor dituzue, atera orain zuen ondorioak". Horregatik iruditzen zaigu oso irakurketa egokia egiten dutela dokumental hau taldean ikusteko aproposa dela diotenek. Agian obra bezala ez du hainbesteko baliorik izango, baina biltzen dituen edukiek balio dute hezkuntza material modura, edo interes guneetan mahai inguru formatuan eskaintzeko... eta saiatu gara hori guztia ahalik eta erarik estetikoenean lantzen.

Dokumental bat egiten duzun lehen aldia da Jon?

Badut lehendik egindako dokumental bat, Maskarak izenekoa, transexualitatearen gaia lantzen duena. Keparen lehendabiziko dokumentala izan da Erretenak.

Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Esperientzia ona izan da, nahiz eta kontuan hartu behar den gradu amaierako lana izan dela guretzat. Era berean, ikasi dugu dokumental bat egiteak dituen zailtasunak zeintzuk diren, eta hurrengoetarako (hurrengorik bada) eskarmentu gehiago izango dugu aurre planifikazioan, elkarrizketak bideratzerakoan... 

Eguaztenetik dago ikusgai. Goiz da oraindik baina... jaso duzue inpresiorik, iritzirik...?

Harrera oso ona izan du oraingoz. Eguaztenean bertan (bistan jarri genuen egunean) twitterren asko zabaldu zen, eta 800 bisita pasa zituen jada bideoak... Badirudi gaiaz interesa behintzat badagoela. Ea interes hori eztabaida bihurtzen den laster. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak